30 Festival Radio France-Montpellier
Osteguna, Uztaila 2, 2015

Donostiako Orfeoia Frantziako hego-ekialdeko Languedoc-Roussillon eskualdean izango da uztailean, eta bi kontzertu emango ditu 30. Radio France-Montpellier jaialdian uztailaren 9tik 25era bitartean. Lehendabiziko kontzertua hilaren 22an izango da Perpinyàko Palais des Rois de Majorque jauregian. Sainz Alfarok zuzendutako programa anitza interpretatuko du Orfeoiak, eta Amaia Zipitria izango dute pianoarekin lagun. Lau zati izango ditu: lehendabizikoa Italiako musikari eskainia, eta Mascagni, Rossini, Boito eta Pucciniren obrak izango dira; bigarrenak Frantziako musika izango du ardatz, eta Berlioz, Gounod eta Bizet-en partiturak interpretatuko dituzte; hirugarrenean euskal musika interpretatuko dute, Olaizola, Laboa eta Sorozabalen obrekin, eta, laugarrenik, Verdiren opera ezagunenen koruak interpretatuko dituzte.

Bigarren kontzertuak jaialdiaren 30. edizioa itxiko du, eta hilaren 25ean izango da Le Corum-Opera Berliozauditoriumean, Montpellierren. Bertan, Orfeoiak Beethovenen Bederatzigarrena interpretatuko du Montpellierreko Orkestra Nazionalarekin eta Christian ArmingArmingek zuzenduta. Ricarda Merbeth (sopranoa), Marina Prudenskaya (mezzosopranoa), Steve Davislim (tenorra) eta Evgeny Nikitin (baritonua) izango dira interpreteak. Kontzertua France Musique irrati-kateak emango du.

Leku berean eta orkestra berarekin, Orfeoiak bitan interpretatu zuen 2011n Monteverdiren Orfeo.

Jaialdi sonatu honek 130.000 ikusle ditu, eta era guztietako musika izaten da melomanoentzat zein bestelako zaleentzat: opera, musika sinfonikoa, ganbera-musika, jazza edota elektronikoa. Eskualdeko 50 udalerri eta hiritan egiten da. Aurtengo 30. ediziorako 200 ekitaldi dauzkate antolatuta, gehien-gehienak dohainik. Programa sinfonikoen eta sinfoniko-koralen emanaldi garrantzitsuenak bertako taldeen eskutik izan ohi dira; hau da, Frantziako Orkestra Nazionala, Radio Franceko Filarmonika eta Radio Franceko abesbatza. Baina atzerriko beste orkestra eta abesbatza batzuei ere irekitzen dizkiete ateak, eta horixe gertatu da Orfeoiarekin, 2012 eta 2014ko edizioetan ere kontratatu baitzuten.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.