Orfeon - MoteverdiMontpellierreko Orkestra NazionalaEnrico Delamboye
Asteartea, Apirila 12, 2011

Orfeoiak Monpellier hiri frantziarrera bidaia egingo du eta CD bat grabatuko du Accord Universal zigiluarentzat Monteverdiren Orfeo obrarekin; koruak hilaren 15 eta 16an Montpellierreko Berlioz Kongresu-Opera Jauregian interpretatutako bi kontzertuak erregistratuko dira, Orchestre National de Montpellier-ekin batera eta Enrico Delamboye zuzendari dela. Urteko lehen nazioarteko emanaldi honetan Orfeoiak debuta egingo du orkestra horrekin eta maisu alemaniarrarekin.

Orfeo historiako lehen operatzat hartua da. Gaia Orfeoren antzinako mito grekoan oinarritutakoa da, hark saiakera egiten du bere maitea Hades-etik, hildakoen mundutik ateratzeko. 1607ko inauterietan estreinatu zen Mantuan. Obra alaia denez orkestrazio animatua du eta adibidez biolin barrokoak erabiltzen ditu, -metalezko hari modernoen ordez tripaki sokak zeuzkaten-, biola tenorrak, ganbakoak, bioloiak, gitarroiak, arpa antzinakoak, erregistro desberdineko flauta gozoak, txirimiak, kornetak, tronboi barrokoak, dultzainak eta klabizenbaloa. Instrumentu horietako askoren ordez “modernoagoak” jarri ziren, baina ez zuten haien edertasunik. Gaur egun, ahalik eta fideltasun handienaz berreraiki dira antzinako musika tresnak, berriz erabiltzeko.

Orfeoiarentzat obra hau estreinaldia da, eta horregatik lan handiagoa egiten ari da prestatzeko. Montpellierreko kontzertu-bertsioetan bakarlari arituko dira Marie-Claude Chappuis (Proserpina-ren papera eginez), Lies Vandewege (La Messagiera), Jérôme Varnier (artzaina), Mathias Vidal (artzaina hau ere), Nigel Smith (Apollo) eta Giovanni Battista Parodi (Plutone).

Montpellierreko Orkestra Nazionala orain 25 urte sortu zen hogeita hamar bat musikarekin eta gaur egun 92 musikari titular dauzka plantillan. Eskualdeko musika kultura berrindartzeko asmoz jaio zen, lehenbizi Montpellierreko Udal Orkestra izenarekin, gero Montepellier Antzokiko orkestra izena hartu zuen; beranduago Montpellierreko Orkestra, Montpellier Languedoc Roussillon-eko Orkestra, Orkestra Filarmonikoa ... eta azkenik gaur egun duen izena. René Koering programazio artistikoaren arduraduna da eta prestakuntzaren kudeaketaren arduraduna. Zuzendari artistikoa, 1994tik, Friedemann Layer da.

Orkestrak daukan errepertorioan, XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko obra sinfoniko handiez gain, Bizet, Vierne, Franck, Liszt, Fauré, Onslow, Saint-Saëns eta abarren obra ez oso ezagunak daude, eta baita musika garaikideko obrak ere.

1990 urteaz geroztik egoitza Forum-en dauka, Montpellierreko Kongresu-Opera Jauregian. Orkestrak erregularki parte hartzen du Estrasburgo, Normandia eta Evian-eko jaialdi frantziarretan, eta baita Radio France eta Montpellier jaialdian ere. Birak egin ditu Milan, Valentzia, Bartzelona, Atenas, Beirut, Budapest, Bratislava eta Pragan zehar.

Enrico Delamboye (Wiesbaden, Alemania, 1977) piano eta zuzendaritza ikasketak egin zituen Maastricht-en Celis Joop eta Stulen-ekin. Debuta egin zuen opera zuzendari gisa 22 urterekin Benjamin Britten-en Lukreziaren bortxaketa produkzioarekin maiatzeko Jaialdian Wiesbaden-en. Oso gutxi barru Alemaniako opera guneetan eta orkestra sinfoniko alemaniarrekin elkarlanean hastekotan da. Gaur arte, Enrico Delamboye zuzendari laguntzailea izan da Wiesbaden-eko Operan, zuzendari gonbidatu nagusia Mainz-eko Operan eta zuzendari laguntzailea Wuppertal-eko Operan, eta orain Koloniako Operako zuzendariaren laguntzaile gisa kontratatuta dago.

Zuzendari gonbidatu gisa, Enrique Delamboye-k aldiro zuzentzen du Maastricht-eko Sinfonikoa eta moldatzaile bikaina da.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.