Donostiako Orfeoia-UPV/EHU VII. Saria banatu da
Astelehena, Otsaila 4, 2008

Otsailaren 2an, Isabel Díaz irakasleak eta Easo abesbatzaren presidentea den Santos Sarasolak jaso zuten Orfeoia-EHU VII. saria Gipuzkoako kanpuseko Ignacio María Barriola Eraikinaren Auditorioan egindako ekitaldian.

Isabel Díaz irakaslea “La canción para voz y piano en el País Vasco entre 1870 y 1939” izeneko tesian egindako ikerketa lanagatik saritua izan da. Ikerketa hori egiteko zazpi urte behar izan ditu. Bestalde, Easo Abesbatzaren ibilbidea ere saritua izan zen.

Ekitaldiaren buruak Cristina Uriarte, EHUko Gipuzkoako kanpuseko errektoreordea eta Jose Maria Echarri Donostiako Orfeoiko presidentea izan ziren. Azken honek musika munduko bi pertsonai garrantzitsu gogora ekarri zituen: Peli Egaña, Easo abesbatzaren presidente ohia- 2005ean zendua- eta egungo zuzendaria, Xalbador Rallo zeina istripu larri bat izan berri duen.

Isabel Díaz Filologia Hispaniarrean lizentziatua da eta Musikologiako doktoretza dauka. Gaur egun, Musikaren Historiaren irakaslea da Musikenen. 4.000 euroko saria jaso ondoren, Isabel Díaz-ek zera esan zuen: “horrelako sariak ikerketa lan liluragarria egiten jarraitzeko bultzada eta laguntza ederrak dira”.

Carmen de las Cuevas irakaslea eta orfeoiko kide ohia izan zen Easo abesbatzaren gorespen-hitzaldia egitearen arduraduna. Abesbatza ahots larriek osatutako talde bezala sortu zen 1940an Orfeoiko eta Zaraustarkoff-en Los Cosacos izeneko abesbatzako kide ohiekin. Hasieran, batez ere folkloreko eta polifoniako obrak abesten bazituzten ere, ondoren errepertorioa zabaldu dute abesti sinfonikoak eta koralak ere abestuz. Carmen de las Cuevas-en hitzetan "erakunde hau berezia egiten dutenak berrikuntza eta etorkizunaren aldeko apustua, prestakuntza eskaintza zabala eta kalitate handiko produkzio musikala dira".

Santos Sarasolak saria eskertu ondoren Orfeoia eta Easo Abesbatzaren artean lehiarik ez dagoela argitu nahi izan zuen nahiz eta jende askok lehia hori ezarri nahi duen. Izan ere, Santos-ek adierazi zuen Orfeoia Easo Abesbatzaren erreferentea zela. Aldi berean, aukera aprobetxatu zuen Echarri-ri Urrezko eta Brillantezko Domina emateko, izan ere, Easo Abesbatzak domina hori Orfeoiari eskaini zion 1997an, bere mendeurrenaren urtean. Azkenik, Olga Alcerreka Peli Egañaren alarguna taulatura igoarazi zuen, Easo Abesbatzaren saria sinbolikoki jasotzeko.

Ekitaldiari amaiera emateko Orfeoiak kontzertu bai eskaini zuen eraikinaren atarian. Sainz Alfarok zuzendu zuen kontzertuan abesti folklorikoak interpretatu ziren eta Amaia Zipitria piano-jotzaileak akonpainamendua egin zuen. Azkenik, Gaudeamus Igitur Unibertsitateko Himnoa eta Agur Jaunak abestu zuten.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.