Abuztuan, Orfeoiak 75. Musika Hamabostaldia inauguratuko du 1ean eta beste kontzertu bat ere eskainiko du 16an. Bi kontzertuen artean, abesbatza Tarragonara joango da, zehazki, Cambrilsera, aurten 40. edizioa ospatzen duen udako jaialdian parte hartzeko.
Donostiako musika-jaialdiari leial izan zaio Orfeoia eta zortzi ediziotan baino ez du huts egin. Aurten, bada, bi kontzertu eskainiko ditu. Inaugurazio-kontzertuan, abesbatza eta Orfeoi Txikiko haurrak Tugan Sokhieven zuzendaritzapean arituko dira Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera abuztuaren 1ean, Berliozen Faustoren Kondenazioa lana kontzertu-bertsioan eskaintzeko. Julie Boulianne mezzosopranoa (Margarita), Bryan Hymel tenorra (Fausto), Paul Gay baritonoa (Mefistofeles) eta René Schirrer baxua (Brander) arituko dira bakarlari.
EAbuztuaren 26an, Orfeoiak Verdiren Requiemainterpretatuko du Rotterdameko Filarmonikarekin batera, Yannick Nézet-Séguin kanadarraren zuzendaritzapean. Camilla Nylund sopranoa, Karen Cargill mezzosopranoa, Bryan Hymel tenorra eta Mikhail Petrenko baxua arituko dira bakarlari.
Yannick Nézet-Séguin Rotterdameko Filarmonikaren zuzendari titular izatez gain, Filadelfiako Orkestrako zuzendari musikala, Orchestre Métropolitain du Grand Montréaleko zuzendari artistiko eta zuzendari nagusia, eta London Philharmonic Orchestrako zuzendari gonbidatu nagusia da. Orfeoiko ahots zuriek eta Orfeoi Txikik berarekin eta Rotterdameko Filarmonikarekin batera abestu zuten 2011ko Musika Hamabostaldian. Mahlerren Hirugarrena interpretatu zuten, hain zuzen.
La Rotterdameko Filarmonika 1918an sortu zen, eta Herbehereetako orkestrarik garrantzitsuenetako bat da. Bere jarduera-ildoetako bat mundu klasikoaren eta musika arinaren arteko mugak arakatzea da. Abonamendu-denboraldiko 70 kontzertuez gain, orkestrak Rotterdam Philharmonic Gergiev Festivalen parte hartu ohi du.
Abuztuaren 9an, Orfeoiak Cambrilseko Nazioarteko Musika Jaialdi eklektikoan parte hartuko du. Uztailaren 25etik abuztuaren 10era bitartean –hiru asteburutan– musika klasikoko, popeko, rockeko eta jazzeko musikariak biltzen ditu Parc Pinareten. Sainz Alfarok zuzenduko du abesbatza eta Patxi Aizpiri piano-jotzailearen laguntza izango dute. Abesbatzak eskainiko duen programa, bada, opera ezagunenetako koruetan oinarrituta dago.