Distira eta poza Donostian ospatutako 110. urteurren jaian
Astelehena, Urria 29, 2007

Larunbatean, urriaren 27an, Orfeoiak «etxean» ospatu zuen bere 110. urteurrena, Anoetako belodromoa bete zuten 6.000 ikusleen aurrean. Vienan eta Madrilen aritu ostean Donostian eskainitako kontzertuaren bidez, Orfeoiak eskerrak eman nahi izan zizkion bazkideek eta lagunek emandako laguntza eskuzabalari eta, aldi berean, abesteari ohi bezalako gogoarekin heltzen diola erakusteko parada izan zuen. Arrazoi horiengatik guztiengatik, jai girokoa izan zen kontzertua. Alde batetik, Carmina Buranaren indarra izan zuten lagun, koruak gehien abestu duen lanetako bat, eta, bestetik, zuzendariak «Carmina mundana» izenez bataiatu dituen partitura herrikoiak. Bertaratutakoen artean, ordezkari politikoak, unibertsitate eta kultura mundukoak, enpresa sektorekoak, beste abesbatza batzuetako kideak eta musikari profesionalak zeuden.

Belodromoan 20 metroko sakonera eta 25eko eszena-ahoa zuen agertokia ipini zuten orkestra eta korua osatzen zuten 300 kideak hartzeko. Teknikari ugari ibili ziren han-hemenka lekua egokitzen, akustika eta argiztapena ahalik eta onenak izan zitezen. 50 buru robotizatu erabili zituzten, 100.000 watt argi baino gehiago, eta bi jarraipen-kanoi.

Kontzertuari hasiera eman baino minutu batzuk lehenago, erakundeari buruz egin berri den bideoa ikusi ahal izan zuten bertaratuek, agertokiaren bi alboetan kokatuta zeuden pantaila erraldoietan. Bideo horretan, koruarekin aritu diren zuzendarien iritziak eta Anoetako estadioan, 1997an, mendeurrena ospatzeko egindako kontzertuaren zati bat jasotzen dira.

Edurne Ormazabal kazetariak erakundearen presidente José María Etxarriri eman zion hitza. Azken horrek eskerrak eman zizkien lagunei eta babesleei: «Zuen laguntzarik gabe, ezin izango genukeen sekula honelako ekitaldi historiko eta artistikorik ospatu». Halaber, Orfeoiak musika munduan nabarmenetakoak diren hiru maisuekin batera (Riccardo Muti, Zubin Mehta eta Lorin Maazel) datorren urtean bertan egingo dituen hiru proiektuen berri eman zuen.

Agerraldi labur horren ondoren, Sainz Alfarok hartu zuen gidaritza. Urteurren Orkestra osatzen zuten zenbait taldetako musikariak, orfeoiko 150 kideak eta Orfeoi Txikiko zein Orfeoi Gazteko kantariak izan zituen aurrean. Horiekin batera, Rocío Martínez, Carlos Mena eta Lluís Sintes solistek bikain interpretatu zuten Carmina Burana cantata. Ikusleen txaloek bi aldiz eten zuten saioa.

Lan kementsu horren atzetik, eta haur ahotsik gabe, Ernesto Lecuona musikagile kubatarraren Siboney malenkoniatsua abestu zuten. Edelweiss lanak eman zion jarraipena kontzertuari (The sound of music filmak ezagutzera emandako kantak), eta, ondoren, Rosalía de Castroren letra daraman Negra sombra musika galiziarraren abesti esanguratsuenetakoa eskaini zuten. Mikel Laboa belodromoan izan zen, eta bere bi abesti arrakastatsuren orkestra bertsioa entzun ahal izan zuen, beste ikusleekin batera: Txoria Txori eta Baga Biga Higa. Iñaki Andueza Orfeoiko kideak interpretatu zuen azken hori, Laboak orkestrarekin eta Orfeoiarekin batera Anoetako estadioan abestu zuena 1997an. Gabriel Olaizolaren Aurtxoa Seaskan kantuan, Orfeoiko Ana Salaberria sopranoa izan zen solista. P.E. Gutiérrezen Alma llanera izan zen «Carmina mundana» atala osatu zuen beste lana.

Orfeoiko kideek agerian utzi zuten beren umorea propinan eskainitako abestietan. Inprobisatutako dantzak, konfetiak eta koloretako paperak izan ziren Nico Saquitoren María Cristina abestiaren bertsioan. Bikaina izan zen, gainera, Orfeoiko Rafa Lasa kidearen parte-hartzea. Beste hiru lanak euskaldunak izan ziren: Ugalderen Parte Vieja donostiarra habanera, zuzendariak bertaratuei abesteko gonbita egin zienekoa, Sorozabalen Maite, eta Agur Jaunak, ikusleek zutik jarrita entzun zutena.

Kontzertua Euskal Telebistak grabatu zuen, eta gau berean eskaini zuen, lehen katean, 23:15ean.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.