Uztailaren 21ean, Orfeoiak Londresko Proms kontzertuetan debutatu zuen. Abesbatzak 120. urteurrena ospatzeko nazioartean eman duen urteko kontzertu garrantzitsuena izan da. Juanjo Mena BBC Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularraren eskutik, Royal Albert Hall aretoan aritu zen lehen aldiz, eta Beethovenek sortutako opera bakarra, Fidelio, kontzertu-bertsioan interpretatu zuen ia 6.000 entzuleren aurrean. Hauek izan ziren solistak: Stuart Skelton, Ricarda Merbetj, James Creswell (azken orduan Brindley Sherratt ordeztu zuen), Louise Alder, Benjamin Hulett, Detlef Roth eta David Soar.
Abesbatzak bere erronka artistikoetako bat bete du; izan ere, Promsetan debuta egitea nazioarteko zirkuitu oso preziatu batean sartzea da, munduko jaialdi prestigiotsuenekin alderatzeko modukoa; adibidez, Luzerna edo Salzburgokoa, non aurretik parte hartu baitu Orfeoiak.