BIRA GALIZIAN ZEHAR MOZART JAIALDIA INAUGURATZEKO ETA URTE SANTU XAKOBEARRA OSPATZEKO
Asteartea, Maiatza 4, 2010

Hurrengo ostegunean, hilak 6, Orfeoiko kideak Donostiatik aterako dira Galizia aldera, eta bertan parte hartuko dute Autonomia Erkidego horretako orkestra sinfonikoarekin, zuzendari titular den Victor Pablo Perez-en aginduetara eta Ainhoa Arteta izanik bakarlarietako bat, bi kontzertutan. Horietako lehenbizikoa hilaren 7an izango da Santiagoko Kongresu eta Erakusketen Jauregian, eta Urte Santu Xakobearra 2010eko kultur jardunaldien Xacobeo Clasics egitarauan dago. Bigarren emanaldia hurrengo egunean izango da A Coruñako Opera Jauregian eta Mozart Jaialdia inauguratzeko balioko du, ekainaren 23 arte iraungo duena. Bi aldietan Verdiren Requiema interpretatuko da, obra dirdiratsu, zail, eskakizun handikoa orkestra, koru eta bakarlarientzat, eta zuzendariarentzat ere neke handia dakarrena. 

Bakarlarietan, Ainhoa Artetaz gain, Dolora Zajick mezzosopranoa, Stuart Neil tenorea eta Roberto Scandiuzi baxua nazioarteko ahotsak entzungo dira. 

Bi kontzertuetarako sarrerak agortuta daude jadanik, egun batzuk badira bukatu direla.

Bertsio gogoangarriak

Orfeoiko kideek partitura hau xehetasun guztiz ezagutzen dute, hainbat lekutan eman baitute zenbait zuzendarirekin, Claudio Abbado, Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej eta Víctor Pablo Pérez bera, besteak beste. Galiziako Sinfonikoarekin, 20 urte betetzear dagoenarekin, Orfeoiak 37 kontzertutan parte hartu du. Orkestra, Víctor Pablo eta Orfeoiak Verdiren Requiemaren bertsioa egin zuten 1996an A Coruñako Kongresuen jauregian bertan, Sharon Spinetti, Dagmar Peckova, Raimo Ssirka eta Andres Silvestrelli bakarlariekin. 

Orfeoiak eman dituen Verdiren requiemaren bertsio nabarmen batzuk 2001 urtekoak izan ziren, urte hori Verdiren urtea izan zen nazioartean, konpositore italiarraren heriotzaren mendeurrena ospatzeko. Gogoangarria izan zen Berlinen emandako bertsioa Claudio Abbado eta Berliner Philharmoniker-en eskutik, Suediako Irratiko koruarekin eta Eric Ericsson Ganbera-koruarekin. EMIk editatutako diskoa Grammy-etarako izendatu zuten “Best Choral Performance” kategorian, izendapen hori kontzertuan parte hartu zuten beste bi korurekin partekatu zuten. Urte horretan bertan, Donostiako Musika Hamabostaldian, koruak Requiem-aren bertsio bat eman zuen Royal Philharmonic Orchestra-rekin eta Daniele Gatti zuzendari izanik; kontzertu horrek inoiz Kursaaleko eszenatokian bildutako musikari kopururik handiena ekarri zuen: 250 instrumentista eta 150 abeslari.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.