Azaroaren 5ean eta 6an Donostiako Orfeoiak eta Filarmonía Orkestrak Verdiren Requiem interpretatuko dute Auditorio Nazionalean Sainz Alfarok zuzenduta. Bigarren urtez elkartuko dira bi taldeak Madrilgo eszenatoki honetan. Iaz musika klasikoa maite dutenek Carl Orffen Carmina Burana entzuteko aukera izan zuten.
Oraingo honetan Verdiren Requiem aukeratu da, Orfeoiak 1941az geroztik bere errepertorioan duena; Orfeoiko kideek lan honen ñabardura guztiak ezagutzen dituzte, askotan interpretatu baitute, orkestra eta zuzendari desberdinekin: Claudio Abbado, Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej eta Víctor Pablo Pérezekin, besteak beste. Gogoan izatekoa da Berlinen eskainitako bertsioa; Claudio Abbadok zuzendu zuen eta Berliner Philharmoniker eta Suediako Irratiko abesbatza eta Eric Ericson Ganbera Abesbatzarekin batera aritu zen. EMIk kontzertu honetan grabatu zuen diskoa Grammy sarietarako izendatu zuten "Best Choral Performance" mailan, kontzertuan parte hartu zuten beste bi abesbatzekin batera.
Auditorio Nazionaleko kontzertuetan honakoak arituko dira abesbatzarekin: Amparo Navarro sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Alain Damas tenorea eta Felipe Bou baxua.
Filarmonía orkestra
2000. urtean sortu zuen Pascual Osa zuzendariak eta izaera eta kudeaketa pribatuko Espainiako orkestra sinfoniko egonkor bakarra da.
Hainbat opera, zartzuela eta kontzertu emanaldi egin ditu Espainiako aretorik nagusienetan, "Zarzuela 5*****" bildumako DVDak grabatu ditu eta urrezko DVDa lortu du 'Madrileña bonita' lanarekin, inoiz gehien saldu den lirikako DVDarekin.
10 urte hauetan Fernando Argentaren TVEko "El Conciertazo" saioko orkestra izan da. Espainiako zineko bi musika jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartu du: SONCINEMAD eta Ubedako zine-musikaren nazioarteko jaialdian. Hainbatek zuzendu dute: Allan Silvestri, Michael Giachino, John Scott, Joel Mc Neely, Patrick Doyle, Roque Baños, Fernando Velázquez…
2009an Filarmonía Orkestrak musika espainiarraren bere denboraldi finkoa estreinatu zuen Auditorio Nazionalean. Filarmonía Orkestraren Zirkulua sortu du, musika eta bere balio artistikoak, diziplina eta talde-lana zabaltzeko eta beste arte, jarduera eta gizarteko talde batzuen balioak eta joerak jasotzeko.
EGITARAUA
MADRIL
2010eko azaroak 5, 19:30
2010eko azaroak 6, 22:30
Musikako Auditorio Nazionala
REQUIEM (G. Verdi)
Bakarlariak:
Amparo Navarro, sopranoa
Ainhoa Zubillaga ,mezzoa
Alain Damas, tenorea
Felipe Bou, baxua
MADRILGO FILARMONIA ORKESTRA
ORFEÓN DONOSTIARRA / DONOSTIAKO ORFEOIA
Zuz. J. A. Sainz Alfaro
Zuzendaria: J. A. SAINZ ALFARO