Usandizaga konpositore donostiarraren heriotzaren ehungarren urteurrenean, Orfeoiak eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoak egilearen operarik ezagunena interpretatuko dute Usandizaga urtea amaitzeko; hain zuzen ere, Las golondrinas eskainiko dute, kontzerturako bertsioan, Jesús Echeverriak zuzenduta. Solisten taldea honakoek osatuko dute: Elisa Díaz Prieto, sopranoa / Lina; Judit Martínez Fernández, mezzosopranoa / Cecilia; Xabier Anduaga, tenorra / Juanito eta Caballero; Gonzalo Manglano, tenorra / Juanito eta Caballero; Alberto Arrabal, baritonoa / Puck; Mikel Zabala, baxua / Roberto. Musikaren munduak urtean zehar Usandizagaren omenez eskainitako emankizunetan azkena izango da hau. Euskal hiriburuetan, hiru hitzordu sinfoniko-koralak egun eta leku hauetan izango dira: hilaren 27an, Gasteizko Principal antzokian; 28an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian; eta 30ean, Bilboko Arriaga antzokian. Kontzertu horiek abesbatzak eta Musikenek iaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barnean daude.
Hiru ekitaldiko opera
Abesbatzak parte-hartze txikia du opera honetan –lehen, bigarren eta hirugarren ekitaldien amaieran baino ez du abesten–, baina opera honek beti izan du lotura Orfeoiarekin; aurreneko emanaldietatik.
Hasiera batean zarzuela gisa idatzitako Las golondrinas Madrilgo Price antzokian estreinatu zen 1914ko otsailaren 5ean, arrakasta itzela lortuz. Madrildik itzuli zenean, harrera izugarria eskaini zion Donostiako hiriak (orduan, 50.000 biztanle zituen) artean 27 urte bete ez zituen Usandizaga gazteari. 15.000 lagun bildu ziren Norteko geltokian. Urte hartan bertan, apirilean, Donostian jokatu zen obra, Victoria Eugenian, Donostiako orkestra sinfonikoaren eta Orfeoiaren parte-hartzearekin. Konpositorea hil ondoren, haren anaia Ramónek hiru ekitaldiko opera bihurtu zuen, bi ordu eta erdiko iraupenekoa, eta bertsio hori 1929an estreinatu zen Bartzelonako Gran Liceu antzokian. Hain justu bertsio hori da hiru euskal hiriburuetan entzungo duguna.
1934an Usandizagaren Astearen harira eskaini ziren hiru emanaldietan parte hartzeaz gain, 1954koan ere parte hartu zuen Orfeoiak. Donostiako jaien barnean egin zen emanaldi hura, Victoria Eugenia antzokian, eta Donostiako Kontserbatorioko Orkestrak interpretatu zuen obra, Ramón Usandizagaren zuzendaritzapean.
Bestalde, Orfeoi Txikiak ere interpretatu du Las golondrinas; zehazki, kontzerturako bertsioan, 2009ko Musika Hamabostaldian, Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta orkestra horren abesbatzarekin, Rubén Gimeno zuzendari zela.
Columbia disketxeak 1955ean editatu zuen opera hau. Ataúlfo Argentaren zuzendaritzapean, Orkestra Sinfoniko Handiak interpretatu zuen Orfeoiaren Ganbera Koruarekin batera, Pilar Lorengar, Ana María Iriarte, Raimundo Torres, Carlos Munguía, Nicolás Aldanondo eta A. Díaz Matos solista zirelarik. Bertsio hau 1962an eta 1991n berrargiteratu zen.
Harreman estua Usandizagarekin
Usandizagak, gazte hil zen arren, arrasto sakona utzi zuen abesbatzako kideen artean. Eragin horren ondorioz, 1907an, Orfeoiak partitura berri bat sartu zuen bere errepertorioan: Rapsodia vasco francesa, artean nerabea zen José María Usandizagarena. Garai hartan, abesbatzak ez zuen emakume-ahotsik onartzen.
1909an, aurrenekoz interpretatu zuen egilearen Ave MaríaMaría –artxibategietan ez da ageri non abestu zuen–. 1919an, Eguntho batezobra interpretatu zuen Bartzelonako Musikaren Palauean, euskal konpositore gehiagoren lanez gain. Urte horretan bertan estreinatu zen Bilbon mendiyan opera. Usandizagak 23 urte zituen. Estreinaldiaren harira, Orfeoiak prentsa-ohar bat kaleratu zuen Donostiako prentsan: «Donostiako Orfeoiak, musikari bikaina bazkide izatearen ohorea duenez, Amarako geltokira joatea eta ongietorria eskaintzea erabaki du, donostiar guztiok adiskide eta maisuari diogun maitasuna erakusteko». Egun batzuk geroago, bazkari handi bat antolatu zuten egilearen omenez, eta 300 lagun baino gehiago bildu ziren mahaiaren inguruan. Bazkalostean, Orfeoiko gizonen abesbatzak Ormachulo, Eguntho batez eta Mendi-Mendiyan obrako Ave María» kantatu zituzten, guztiak ere Usandizagarenak, Esnaolaren Euskal salcha lanaz gain.
Donostian, 1911n estreinatu zen Mendi-Mendiyan. Orduan interpretatu zuen aurrenekoz ordurako abesbatza mistoa zen Orfeoiak. Gehiagotan ere interpretatu zuen opera hori: 1920an, Nazioen Sozietatearen aurrean (Lehen Mundu Gerraren ondoren hondamendi beliko gehiago ez gertatzeko sortutako erakundea), urte hartan bileretako bat Donostian egitea erabaki baitzuen. Bertsio hura Saco del Valle maisuak zuzendu zuen, Victoria Eugenia antzokian. Ramón Usandizagaren zuzendaritzapean, Orfeoiak hainbatetan abestu zuen opera hori: 1935ean Victoria Eugenian, Donostiako Orkestra Sinfonikoarekin; 1945ean Bartzelonako Gran Liceun, Liceuko Orkestrarekin; 1948, 1951, 1954 eta 1957an Victoria Eugenian, Donostiako Kontserbatorioko Orkestrarekin; eta 1949an Iruñeko Gayarre antzokian, orkestra horrekin berarekin. Beste maisu batzuen zuzendaritzarekin ere interpretatu du Orfeoiak: Pirfano, 1974ko Musikasteren amaiera-ekitaldian; Bello Portu, 1980an eginiko hiru emanalditan; Jorge Rubio, 1982an; Remartínez, 1987an; eta Sainz Alfaro, 2003an.
1913an, Donostiako hiriak 1813ko Independentzia Gerraren oroigarria ipini zuen Alderdi Ederren; urte gutxi batzuk geroago, eraitsi egin zuten. Inaugurazio-ekitaldi hartan, Orfeoiak Himno al Centenario interpretatu zuen, José María Usandizaga egilearen beraren zuzendaritzapean.
Ez zuen bere azken opera amaitzerik izan; La llamallama amaitu baino lehen harrapatu zuen heriotzak. 1918an bukatu zuen Ramón anaiak. Orfeoiak urte horretan bertan interpretatu zuen opera hura Victoria Eugenia antzokian, hala nola 1953an, Ramón Usandizaga zuzendari zela, eta 1958an, zuzendari berarekin eta Donostiako Kontserbatorioko Orkestrarekin.
Monumentu oroigarria
1916ko irailaren 25ean, Donostiak konpositorearen omenezko monumentua ipini zuen Gipuzkoa plazan, José Limona eskultore katalanak eginikoa. Ekitaldi hartan izan ziren Alfontso eta Viktoria Eugenia errege-erreginak, Maria Kristina ama-erregina, udal-agintariak eta agintari erlijiosoak. Madrilgo Udal Banda, Gipuzkoako 23 banda eta Orfeoia arduratu ziren musikaz.
1934ko irailaren 25etik 30era, Orfeoiak Usandizagaren Astea antolatu zuen Victoria Eugenia antzokian. Hiru aldiz eman zuten Las golondrinas eta beste hainbestetan Mendi-mendiyan, Donostiako Orkestra Sinfonikoarekin batera eta Ramón Usandizagaren zuzendaritzapean. Iragartzeko kartelaren arabera, «urteko ekitaldi artistiko nagusia» izatekoa zen. Nazioartean ospea lortua zuten ekitaldi hartako solistek; Milango Scalan, Buenos Airesko Colonen edota New Yorkeko Madison Square Gardenen, kasurako. Hantxe izan ziren Fidela Campiña (sopranoa), Iparramerikan James de Gaviria deitzen zuten Jesús Agirregabiria (tenorra), Carlo Morelli (baritonoa), Julio Victorio (baxua) eta Carmen Andújar (mezzosopranoa). Izar horien alboan aritu ziren orfeoikide hauek: Carmen Cabalero (mezzosopranoa), Nicolás Aldanondo (baxua), Santiago Ramalle (tenor komikoa) eta José Lujambio (tenorra). Mendi-mendiyan obraren dekoratua «Garai bilbotar eszenografo ospetsuak emanaldi horietarako esklusiboki margotutakoa» zen, eta Las golondrinas obrarena, berriz, Madrilgo Casa Rosekoa zen. Jantziak «sasoi horretarako bereziki egindakoak» ziren.
Azken agur luze eta musikala
1915eko urriaren 5ean hil zen Donostian konpositore gaztea. Igantziko (Nafarroa) baserri batean bakartu zen La llama opera konposatzeko, baina aspalditik jasaten ari zen tuberkulosiak okerrera egin zuen, eta ezin izan zuen amaitu eskuartean zeukan obra.
«Joxe Mariren hileta inoiz ez bezalako dolu-erakustaldia izan zen. Askok agertu zuen samina hilkutxak eginiko ibilbidean zehar, eta esan liteke donostiar guztiek hartu zutela parte segizioan, bai hilkutxaren atzean, bai espaloietan. Une hunkigarririk ez zen falta izan; María Cristina zubikoa da horren adibide: Orfeoiak Joxe Mariren Ave María interpretatu zuen han, pilatutako entzule-andanaren isiltasun erlijioso zirraragarriaren aurrean» (Miguel Pelay Orozcoren Música sembrada, Orfeón Donostiarra, su historia-Bere kondaira liburuko aipamena).
Azken agur horretan, halaber, hunkigarriak izan ziren Garibai kaleko etxearen aurrean bizitako uneak eta Koruko Andre Mariaren basilikan urriaren 6ko goizeko 11etan egin zen hileta. Orfeoiak Perossiren Misa de Requiem eta Esnaolak harmonizatutako Dies Irae bat abestu zituen.
Hemen zaude
Astelehena, Azaroa 2, 2015