Adiskideentzako kontzertua
Ostirala, Abendua 1, 2017

Orfeoiak bazkide eta lagunentzat urtero antolatzen duen kontzertua abenduaren 14an izango da aurten, Kursaalean. Gabonetako programa interpretatuko dute Orfeoiko, Orfeoi Gazteko, Orfeoi Txikiko eta Abeslari Txikietako ahotsek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lagunduta eta Esteban Urzelairen zuzendaritzapean. Kontzertuaren lehen zatian, Arthur Honeggerren Gabonetako kantata interpretatuko dute, eta Jesús García Aréjula baritonoa izango da bakarlari. Bigarren zatian, gabon-kantak interpretatuko dituzte: Oi Bethleem, Esta noche Jesús ha nacido, O Holy Night eta  John Rutterren Gloria.

Gabonetako kantata Arthur Honegger konpositorearen azken obra da; 1953ko abenduan estreinatu zen. Baritonoak, abesbatzak, haurren abesbatzak eta orkestrak interpretatzeko instrumentazioa da. Obran, iluntasunetik argitasunerako bidea irudikatu nahi zuen autoreak, horregatik du tonu dramatikoa. Orfeoiaren errepertorioaren barruan dago 1990. urtetik. Izan ere, urte hartan abestu zuen lehendabizikoz, Cuencan, Musika Erlijiosoaren Astean.

Kontzertuan, Givenchy etxeak diseinatutako uniforme berria jantziko dute Orfeoiko emakumeek. Lorenzo Caprileren patroiak erabilita, Donostiako lantegietan eta CEMEIko Laborategi-Lantegian egina da, AEG ikastetxearen eskutik, Orfeoiaren eta Donostiako Sustapen Elkartearen Donostia Moda Klusterraren arteko hitzarmenari esker.  

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.