50.urteurreneko Gorostidiren heriotzaren omenaldia
Ostirala, Abuztua 10, 2018

Berrogeita hamar urte dira Juan Gorostidi, 1932 eta 1968 artean abesbatzaren zuzendari izandakoa, zendu zela, eta Orfeoiak gorazarre egingo dio. Horretarako, bi ekitaldi antolatu ditu hil honetan: Abuztuaren 14an –zendu zen egunean, bada–, lore-eskaintza egingo du Orfeoiak Intxaurrondoko Gorostidi plazan, 12:00etan, eta abesbatzak parte hartuko du. Egun horretan bertan, bere oroimenez kantatuko du Orfeoiak Santa Mariako salbea. Hilaren 28an, 18:00etan, mahai-ingurua egingo da Orfeoiaren egoitzan, eta honako hauek izango dira parte-hartzaileak: José Luis (Txolis) Gorostidi (familia-ikuspuntua eskainiko du); Jon Bagüés (zuzendari-, irakasle- eta konpositore-alderdiez mintzatuko da; Iñaki Erauskin eta Txaro Ormazabal (abeslarien eta haren kontserbatorioko ikasleen ikuspuntua eskainiko dute; eta Arturo Reverter (Donostiako Orfeoiak Gorostidiren garaian izandako nazioarteko jarduera azalduko du).           

Gorostidi etapa

 Zuzendari izatera iritsi baino askoz ere lehenago hasi zen Gorostidiren eta Orfeoiaren arteko lotura. Izan ere, 10 urte zituela, tiple bakarlaria izan zen; ondoren, tenor bigarrena, tenor bakarlaria, artxibozaina, zuzendariordea eta, 1932an, zuzendaria. Gainera, askoz ere zeregin gehiago egin zituen: hizlaria izan zen, kultura-emanaldiak eta -ikastaroak bultzatu zituen eta kronikaria izan zen Juan de Andía, Calderón eta Lindoro izengoitiekin, bai eta erakundearen harreman publikoak eta alma materra ere. 

Argenta, Frühbeck de Burgos, Halffter, Stokowsky, Markewich, Münnch eta beste zuzendari handi batzuekin harreman artistikoa izan zuen, eta haiek ikusmira berriak ireki zizkioten abesbatzari. Hainbat emanaldi eskaini zituen Europako eszenatokietan: Luzernan, Edinburghen, Parisen, Erroman, Bruselan, Perugian, Nizan, Lisboan, Coimbran eta Porton, besteak beste.

Errepertorioa handitu zuen, eta zarzuelak sartu zituen. Gerraostean, aste lirikoak sustatu zituen, eta hogei bat zarzuela muntatu zituen; batzuetan, hiru ere eskaintzen zituen egun berean. Gehien interpretatu zirenak Vivesen Doña Francisquita, Barbieriren Jugar con fuego, Chapíren La tempestad, Ramón Usandizagaren La capa del diablo eta Sorozabalen Katiuska izan ziren. Gerra aurretik, Bilboko eta Bartzelonako enpresa banak muntatzen zituzten zarzuelok; alegia, haiek arduratzen ziren dekoratuez, joskintzaz, ile-apainketaz eta zapatagintzaz. Baina, gerra ondoren, orfeoilariek egiten zituzten borondatez eta eskuzabaltasunez. Orkestra-alderdiaz Udal Kontserbatorioko Orkestra arduratzen zen.

Konpositore-lanetan, zenbait partitura sortu zituen Gorostidik, Orfeoiak berak estreinatu zituenak: Atea, tan, tan (1930), Narotasun (1932) eta Mendiko Abestiak (1934).

Bere etapan, grabazio ugari egin zituen abesbatzak: ia hirurogeita hamar titulu. Gerraostean, zenbait himno grabatu zituzten, geroago konposizio folkloriko eta zarzuela izan zirenak. Gorostidik kontratu esklusibo bat sinatu zuen Donostiako Columbiarekin, eta, horri esker, hirian bertan egin zitzaketen grabazioak. Nabarmentzen den diskoetako bat Fallaren La vida breve da. Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera grabatu zen, Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, eta besteak beste Victoria de los Ángeles bakarlari zela. 1965ean grabatu zen, eta 1990ean berreditatu. 

Kultura-motorra

Bere alderdirik ezezagunena arte-emanaldien antolatzailearena zen. Emanaldiok ez zuten eduki musikala bakarrik, Esnaolaren aurreko etapan bezala; aitzitik, antzerki-emanaldiak ere ziren, batik bat komediak. Carmen de las Cuevasek Mugarik gabeko harmonia liburuan –Orfeoiak editatuta– jasotzen duen bezala, « Gerra aurreko urteetan ohikoak ziren Toribio Alzagak idatzitako jostailu komikoak euskaraz: “Bost urtian”, “Mutil-zar”, “Neska-zar” eta “Biozberak” eta Marcelino Soroaren “Ezer ez ta festa” lanaren egokitzapena. Antzezlan horiek jokatzen zituzten aktoreak Orfeoikoak ziren».

Gorostidik pauso bat gehiago eman zuen eskaintza kultural horretan eta Kultur Ikastaroak programatu eta diseinatu zituen; lehen edizioa 1931. urtean izan zen. «Ikastaro horiek trebatze-helburua zuten eta edukietan uneko kultur munduko pertsona ospetsuek emandako hitzaldiak sartzen ziren».  «Gorostidik berak ere erakutsi zuen hizlari alderdia eta behin baino gehiagotan eman zituen musika-gaiei buruzko hitzaldiak, normalean zuzeneko musikaz lagundurik, eta bertaratzen zirenei oso programa erakargarri eta entretenigarriak aurkezten zizkien», Orfeoia eta haren historia zirela beti hizpide.

Berrogeita hamargarren hamarkadan nahiko gauza normala zen Gorostidi irratian hitz egiten entzutea, baita hurrengo hamarkadan ere. «Ospe handia lortu zuen “Cecilianas” famatuak, Radio Nacional-ek hamabost egunetik behin eskaintzen zuen programak. Programa horietan Orfeoiaren jardueraren berri eta musika-munduko nobedadeen berri ematen zen. Irratsaioa Usandizagaren musikarekin hasten zen, eta sarritan, orfeonista-talde baten kolaborazioa izaten zuen programaren garapena zuzenean ilustratzeko».

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.