Hilaren 9an eta 10ean, Verdiren Requiema interpretatuko du Madrilgo Orkestra Filarmonikoarekin eta beste abeslari batzuekin, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Auditorium Nazionalean. Bakarlari gisa Amanecer Sierra sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Carlos Silva tenorra eta Francisco Santiago baxua arituko dira. Orfeoiarekin batera arituko den abesbatza parte-hartzailea 421 ahotsek osatuko dute, gehienak Madril bertakoak; haien prestakuntzaz KoralArs taldearen sortzaile eta zuzendari Nuria Fernández arduratu da. Taldeak hainbat proiektu gauzatzen ditu Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta erreferente bilakatu da Espainiako abesbatzen munduan.
Kontzertu parte-hartzaile hauek 2011z geroztik egiten dira orkestra berarekin, eta musika korala gogoko dutenei Orfeoiarekin batera abesteko esperientzia bizitzeko aukera ematea dute helburu. Aurreko urtean Carl Orffen Carmina Burana lanari eskaini zioten programa, 2013an Wagnerri, 2012an Verdiri, eta 2011n Beethovenen Bederatzigarrenari.
Orfeoiak eta Orkestra Filarmonikoak eszenatoki berean interpretatu zuten Verdiren Requiema 2010ean, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Obra hori 1941az geroztik dago abesbatzaren errepertorioan, eta Orfeoiko kideek xehetasun osoz ezagutzen dute; izan ere, hainbat orkestrarekin interpretatu dute, eta Claudio Abbado, Michel Plasson, Lawrence Foster, Rafael Frühbeck de Burgos, Fabio Luisi, V. Sutej, Nézet-Séguin eta Víctor Pablo Pérez zuzendariekin, besteak beste. Gogoangarria izan zen Berlinen eskainitako bertsioa, Claudio Abbado zuzendariaren eta Berlingo Orkestra Filarmonikoaren eskutik, Suediako Irratiko abesbatzarekin eta Eric Ericson ganbera-abesbatzarekin. EMIk kontzertu horren diskoa grabatu zuen,eta Grammy sarietarako izendatu zuten Best Choral Performance kategorian –izendapena kontzertuan parte hartu zuten beste bi abesbatzekin partekatu genuen–.
Orkestra Filarmonikoa bere zuzendari titularrak, Pascual Osak, sortu zuen 2000. urtean, eta ordutik erreferentzia bilakatu da Espainiako musika klasikoko areto nagusietan. Bizirik dauden konpositore espainiarrekiko konpromisoari esker, Madrilgo Musika Auditorium Nazionaleko denboraldi egonkorreko ia kontzertu guztietan aurki ditzakegu haren lanak. Horrez gain, bederatzi urtez, Fernando Argentak TVEn zuzentzen zuen «El conciertazo» programaren protagonista izan zen.
Kutxa Fundazioak babestuko ditu hilaren 9ko eta 10eko kontzertuak, eta sarrerak Orkestra Filarmonikoaren bulegoan eros daitezke (Tel.: 91 732 12 55; helbide elektronikoa: info@orquestafilarmonia.com), edo INAEMen antzoki-sarearen leihatilan http://www.entradasinaem.es/ edota 902 22 49 49 telefono-zenbakian