2019rako kontzertuak, maisuak eta orkestrak
Osteguna, Urtarrila 24, 2019

Aurten, Orfeoiak hainbat maisu ekarriko ditu, gaztetasunaren neurriz gaineko energia eta nazioartean finkatuta dagoen eskarmentu profesionalaren berezko heldutasuna konbinatzen duten orkestra-zuzendarien belaunaldikoak, orain arte 2019rako programatuta dauden 18 kontzertuetako batzuetan abesbatza zuzentzeko. Hala, orfeoilariak zuzentzen arituko dira Pablo Heras-Casado, Iñigo Pírfano, Jonathan Nott, Daniel Harding, Karl-Heinz Steffens eta ohikoak diren Sokhiev eta Gergiev.

Nazioartean lau kontzertu egingo dituzte, hiru Parisen eta laugarrena La Côte Saint-Andrén, Berliozen jaioterrian alegia, konpositore frantsesaren izena daraman jaialdian.

Hiru kontzertu Parisko Philharmonie auditoriumean

Otsailean, Orfeoia 2015ean inauguratu zuen Parisko Philharmonie auditoriumera joango da. Hiru kontzertu emango ditu 2.400 pertsonaren aurrean: Hilaren 17an, Municheko Orkestra Filarmonikoarekin, eta orkestraren titularra den Valery Georgieven zuzendaritzapean, Mahler musikagilearen 8. sinfonia interpretatuko du; hilaren 20 eta 21ean, Pablo Heras-Casadoren aginduetara, Berliozen Requiemari helduko dio Parisko Orkestrarekin, haren abesbatzarekin eta Parisko Kontserbatorioko Orkestrarekin batera.

Orfeoiak, Municheko Orkestra Filarmonikoak eta Gergievek orkestraren 125. urteurrena ospatzeko Munichen eman zuten kontzertuan arrakasta izugarria lortu zuten Mahlerren Zortzigarrena interpretatuz, eta horixe errepikatuko dute Frantziako hiriburuan. Oraingoan, berriz, honako hauek izango dira solistak: Simone Schneider Jacquelyn Wagner eta Regula Mühlemann sopranoak, Claudia Mahnke eta Katharina Magiera altuak, Simon O'Neill tenorea, Michael Nagy baritonoa eta Evgeny Nikitin baxua.

 Mezzo tv eta Radio France Musique hedabideek emango dute kontzertua.

 Munduan lehen aldiz Municheko Orkestra Filarmonikoak interpretatu zuen sinfonia hori, Mahler konpositorearen beraren zuzendaritzapean, eta ez da musika-zirkuituetan programatu ohi agertokian instrumentu eta ahots kopuru handia beharrezko izaten delako. Zerbaitegatik esaten zaio «Milen sinfonia». Orfeoiarentzat ere bada partitura berezia. Izan ere, abesbatzak estreinatu zuen Espainian, 1970eko XIX. Granadako Jaialdian, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean, Espainiako Orkestra Nazionalarekin.

Otsailaren 20 eta 21eko Philharmonieko kontzertuen programa Berliozen Requiema izango da. Agertokian, Parisko Orkestra eta haren abesbatza, Parisko Kontserbatorioko Orkestra, Orfeoia eta Bryan Hymel tenore estatubatuarra solista gisa, horiek guztiak Pablo Heras-Casadok zuzenduta (Granada, 1977). Zuzendari gazte horrek lehendabizikoz zuzenduko ditu orfeoilariak. Egundoko abiada hartu du haren karrera profesionalak azken hamarkadan. 2011n debut egin zuen Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin; 2016an Vienako Orkestra Filarmonikoaren buru jarri zen, eta urte horretan bertan zuzendari aritu zen Carnegie Hall areto ospetsuaren 125 urteak ospatzeko. Munduan barrena ibili da orkestraz orkestra.

Orfeoiak eta Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak Berliozen Requiema interpretatuz inauguratu zuten, hain zuzen ere, Cité de la Musiquen dagoen auditorium hau. Lanak musikari eta kantari kopuru handia behar du. Berliozek Grand messe des morts izendatu zuen eta, haren estreinaldian, 1837ko abenduaren 5ean Parisko San Louis des Invalides elizan, 400 instrumentistak eta abesbatzako kidek parte hartu zuten.

Berlioz Jaialdian

Abuztuaren 31n, Orfeoiak berriz ere Berliozen Requiema interpretatuko du konpositore frantses horri eskainitako jaialdian, La Côte Saint-André herrian, Berliozen jaioterrian alegia, haren heriotzaren 150. urteurrenean. Toulouseko Kapitolioaren Orkestra Nazionalarekin eta haren titular Tugan Sokhievekin izango da hori.

Jaialdiak 50 bat jarduera bildu ohi ditu abuztuaren amaieran errepertorio erromanikoaren funtsezko lanen inguruan, Luis XI.a gazteluko patioan, eta 20.000 ikusle inguru izan ohi dira.

Aragoiko Erresumako Orkestrarekin

Otsailaren 28an Orfeoiak, Aragoiko Erresumako Orkestrarekin batera, aurten 25. edizioa beteko duen Zaragozako Auditoriumeko udaberriko kontzertu handien denboraldian parte hartuko du. Bi musika-taldeek Mahlerren 2. sinfonia interpretatuko dute Iñigo Pírfanoren zuzendaritzapean, eta Carmen Solís (sopranoa) eta María José Montiel (mezzosopranoa) solistekin.

Programa eta interpretatzaile berak egongo dira biharamunean, Donostiako Kursaalean, non Mahlerren Bigarrena eskainiko duten Caritasen aldeko Ayete Ikastetxe Nagusiaren kontzertu solidarioan. Kontzertu hori berriz emango dute Iruñeko Baluarte auditoriumean, baina lortutako dirua, Core Fundazioarentzat izango da.

Mahlerrek sei urte behar izan zituen sinfonia hori, Pizkundea izenez ere ezaguna, konposatzeko. Berlingo Orkestra Filarmonikoak interpretatu zuen lehen aldiz osorik, abesbatza eta solistekin, 1895eko abenduaren 13an, Alemaniako hiriburuan. Abesbatzaren esku-hartzeak, laburra bada ere, pianissimoak, crescendoak eta forteak menderatzea eskatzen du, eta orfeoilariak ohituta daude horretara; hori deigarri egin zitzaion jada zendutako Abbado maisuari abesbatzarekin, lan honekin, 1997an izan zuen lehen harremanean. Geroago Luzernako Jaialdiko bertsioa etorri zen (2003), zuzendari italiarrak gidatuta, bai eta beste batzuk gehiago ere, hala nola Simon Rattlerena Kanarietako Jaialdian (2007), Paavo Järvirenak (2006an Parisen, eta 2009an Frankfurten) eta Michael Tilson Thomasenak Madrilen (2011).  

Íñigo Pírfano (Bilbo, 1973) zuzendari gonbidatu gisa aritu da Europan eta Latinoamerikan, orkestra ugarirekin, hala nola Hanburgoko Orkestra Sinfonikoarekin, Szczecingo Orkestra Filarmonikoarekin, Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoarekin, Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin, Peruko Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin, Panamako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin eta abarrekin. 2002an, operaren arloan debutatu zuen, eta kritikarien Manuel de Fallaren El retablo de Maese Pedro lanarekin, eta ikusleen onespena lortu zuen.

Bira Pragako Operaren Orkestrarekin

Azaroan, abesbatza Bartzelonako Auditorira eta Madrilgo Auditorium Nazionalera joango da Beethovenen Bederatzigarrena interpretatzera Pragako Operako Orkestrarekin, Karl-Henz Steffensen zuzendaritzapean.

Karl-Heinz Steffensek (Treveris, Alemania, 1961) klarinetista-prestakuntza du eta musika-irakaslea da. Instrumentista bat irits daitekeen gorenera iritsi ondoren –Berlingo Orkestra Filarmonikoko postu nagusira, alegia–, orkestra-zuzendaritzara igarotzea erabaki zuen. Orduz geroztik, eskarmentu handia pilatu du, bai orkestraren bai operen arloan.

Kontzertuak «etxean»

Abesbatzak Hamabostaldiaren hurrengo edizioan hiru kontzerturekin parte hartuko du. Antolatzaileek beraiek aurreratu bezala, horietako bat Parisko Orkestrarekin izango da, Daniel Harding arituko dela zuzendari.

Baina jaialdi hori baino lehen, martxoaren 7an, Orfeoiko ahotsek eta Orfeoi Txikikoek bat egingo dute Gustav Mahler Gazte Orkestrarekin Kursaalean Mahlerren 3. sinfonia interpretatzeko, Jonathan Nott zuzendari britainiarrarekin batera. Kursaal Eszenaren programazioan jasota dago kontzertu hori.

Jonathan Nott (Solihull, Ingalaterra, 1962) Mahlerren aditu entzutetsu bilakatu da azken urteotan, Tudor disko etxearentzat haren sinfonia guztiak grabatu baititu,Hamargarrena izan ezik. Gazteen orkestrak atsegin ditu bereziki, Junge Deutsche Philharmonie esate baterako, eta horren titularra da hain justu. Bambergen, zuzendari gazteentzako Gustav Mahler saria sortu zuen. Bamberg Symphony Orchestraren zuzendari nagusia izan da 2000. urteaz geroztik, Tokyo Symphony Orchestraren musika-zuzendaria 2014tik eta Junge Deutsche Philharmonieren zuzendari nagusia 2014tik. 2017an Suisse Romandeko Orkestraren zuzendari izendatu zuten.

x

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.