Duela aste batetik sarrerak agortuta daudela, datorren larunbatean, hilak 17, Orfeoiak eta Andaluziako Orkestra Filarmonikoak Orff-en Carmina Burana eskainiko dute Auditorio Nazionaleko Areto Sinfonikoan. Sáinz Alfaroren zuzendaritzapean, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen aldekoa izango da kontzertua. Bakarlariak, Milagros Poblador sopranoa, Favio Oliver kontratenorea eta Toni Marsol baritonoa izango dira.
Orfeoiak harreman estua du Andaluziako Orkestrarekin, iaz Jaengo Jaialdian eta aurretik Roquetas de Mar herrian Mozarten Requiema interpretatu zutenetik. Gainera, bi musika taldeek opera zatietan oinarritutako kontzertua eskaini zuten, uztailean, Pozuelo de Alarcónen.
2004an sortua, izaera pribatuko orkestra hau Andaluziako musika profesionalez dago osatua ia erabat, eta denek artista trebakuntza sendoa dute. Helburu nagusia era guztietako entzuleentzako musika eskaintzea da, eta lehentasuna ematen diete kontzertu denboraldi egonkorretara joateko aukerarik ez duten baliabide gutxiko herritarrei. Horretarako, Andaluziako Orkestrak musika programazio zabala eskaintzen du: musika sinfonikoa, ganbera-musika, zarzuela eta opera antzezpen eta errezitaldiak, ikuskizun sinfonikoen ekoizpen propioak eta kontzertu didaktikoak. Zuzendari artistikoa Pascual Osa da.