Esteban Urzelai, Orfeoiko zuzendariorde berri.
Viernes, Marzo 30, 2007

Esteban Urzelai oñatiar orfeoikidea izendatu dute Donostiako Orfeoiko zuzendariorde. Orain arte betetzen zituen zereginekin -Orfeoi Txikiaren zuzendariorde ez ezik, gazteen abesbatza ere zuzentzen zuen- bateratu beharko du kargu berria. Urzelaik Patxi Aizpiri ordeztu du, azken horrek 2006an utzi baitzuen kargua, Oviedoko Operako Abesbatzaren zuzendaritzaz arduratzeko.

Zuzendariordearen figura Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariaren lana sendotzera dator. Nabarmentzekoa da Sainz Alfaro berak bete zuela postu hori, Antxon Aiestaran zuzendari izan zen aroan. Urzelaik ilusioz hartu du zeregin berria eta postuari dagokion mailan aritzea espero duela adierazi du: «Ongi dakit zenbaterainoko erantzukizuna den Donostiako Orfeoiaren kategoriako abesbatza batean lan egitea».

Industria Antolakuntzako Ingeniaria da lanbidez, eta pianoko goi titulua du. Esteban Urzelai hainbat korutako kide izan da, zazpi urte zituenetik. Koru zuzendaritzako hainbat ikastaro egin ditu Euskal Herriko Abesbatza Federazioan, eta Abesbatza Zuzendaritzako goi ikasketak egiten ari da Musikenen, Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegian. Europar Gazteriaren Abesbatzan parte hartu zuen, baita Internationale Bachakademie Stuttgart-en ere. KEA ahots taldean, Conductus Ensemblen eta KUP taldean abesten du. Gainera, Oñatiko Ganbera Abesbatzaren zuzendaria da.

2005ean sartu zen Orfeoian, tenor modura, baita Orfeoi Txikiaren zuzendariordetzan ere. Azken hori Orfeoiaren benetako ahots mintegia da. Alaitz Guridi Orfeoi Txikiaren zuzendariarekin batera, 8 eta 14 urte bitarteko 160 ahots -100 neskato eta 60 mutiko- prestatzen ditu. 2006ko martxoan berriro abian jarri zuen aurrez ere garai batean izandako abesbatza gaztea. Azken horri zubi eginkizunak eman zizkion, Orfeoira pasatu aurretik kide gazteek non hezi eta trebatu izan zezaten. Gaur egun, 14tik 18 urte bitarteko 25 kidek osatzen dute taldea (18 neska eta 6 mutil). Astean bi aldiz egiten dute lan; bi ordu, guztira.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.