Bira Leopold Hager eta Weimarko Sttatskapelle-rekin
Viernes, Mayo 25, 2007

Orfeoiak bira bati ekingo dio Weimarko (Alemania) Staatskapelle orkestrarekin, Leopold Hager maisu austriarra zuzendari dutela, eta hainbat kontzertu emango dituzte Murtzian, Bartzelonan, Zaragozan eta Gasteizen. Beethovenen Fantasia korala eta Bederatzigarrena interpretatuko dituzte. Ondorengo bakarlari hauek abestuko dute: Simone Kermes (sopranoa), Daniele Sindram (mezzosopranoa), Burkhard Fritz (tenorra) eta Guido JentJens (baxua). Lehen obran -ez da oso ohikoa agertokietan, baina Bederatzigarren Sinfoniaren aurrekari kontzeptuala eta estetikoa da-, Alexei Volodin errusiar pianistak joko du.

Austriar maisua -lau kontzertutan zuzendu du Orfeoia, 1991n eta 2004an, Scottish Chamber Orchestrarekin batera- mundu osoan ezaguna da Vienako Lehen Eskolako konpositoreak gai hartuta (Haydn, Beethoven, Schubert eta Mozart) egindako lanengatik. Ongi eta sakon ezagutzen du Mozarten musika, txiki-txikitatik gainean izan baitu jeinuaren itzala. Ez zituen alferrik ikasi organoa, zuzendaritza, pianoa, klabezina eta konposizoa bien jaioterria den Salzburgoko Mozarteum ospetsuan. "Aitortu beharra daukat oso gustuko dudala haren musika -adierazi zuen Orfeioaren egoitzan izan zen azkeneko aldian, 2004an-, maite dut, baina ez dut sailkatuta egon nahi, ez eta kritikari eta agenteen etiketapean ere. Egia da bizitzako urte asko eskaini dizkiodala Mozarti. Haren gaztetako opera guztiak eta kontzertuko ariak grabatu nituen jendeari askorik interesatzen ez zitzaizkion garai batean. Badira, ordea, gustatzen zaizkidan beste musika batzuk ere: inpresionista, Txekiakoa, Tchaikovsky..."

Aurreko aldietan, Orfeoiak Mozarten Requiem interpretatu zuen haren batutapean eta, oraingo honetan, Beethoven izango dute langai; bai koruak, bai maisuak, bai orkestrak oso maitea duten beste musikagile bat, hain zuzen. Leopold Hager koruaren egoitzan izango da ostiral honetan, Murtzian, Bartzelonan, Zaragozan eta Gasteizen interpretatuko dituzten partiturak orfeoilariekin lantzeko. Weimarko Staatskapelle deitua Alemaniako Weimar hiriko orkestra sinfonikoa da eta 400 urtetik gorako historia du bizkarrean. "A" kategoria aitortua duen -Alemanian lor daitekeen handiena- Turingiako orkestra bakarra da. Lau mende hauetan, zuzendari entzutetsuak izan ditu: Franz Liszt, Richard Strauss... Eta, berrikiago, Gerhard Pflüger, Lothar Seyfarth, Rolf Reuter, Peter Gülke, Oleg Caetani, Hans-Peter eta Alexander Albrecht. 2003 eta 2006 bitartean hiru musikagile handik egin zuten lan orkestrarekin: Christian Jost, Aribert Reimann eta Wolfgang Rihm.

Biraren egutegia:
Igandea, maiatzak 27, 19:30 Murtziako Auditoriuma eta Biltzar Gunea
Astelehena, maiatzak 28, 21:00 Bartzelonako Auditoriuma
Asteartea, maiatzak 29, 20:15 Zaragozako Auditoriuma
Asteazkena, maiatzak 30, 20:30 Gasteizko Principal Antzokia

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.