Lagunen arteko kontzertua
Lunes, Octubre 27, 2008

Orfeoiak lagunei urtero eskaintzen dien kontzertua ostiralean, hilak 31, egingo da Kursaaleko auditorioan. Programako protagonista bakarra Lurkantak izango da, hau da, abesbatzak Anton Garcia Abril musikagileari agindu zion lana, 1997an orfeoiaren mendeurrena ospatzeko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa kantatako zati instrumentalaz arduratuko da, eta orfeoiko kideek abestuko dute, Jose Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean.

Ohikoa denez, urteko kontzertuaren bidez (20:00etan hasiko da), orfeoiak lagunei eta ongileei eskertu nahi die abesbatzarekin izan duten leialtasuna eta eskuzabaltasuna, eurei esker bere ibilbide artistikoa garatzeko aukera du-eta.

Aurton, kontzertuaren aurretik, Garcia Abrilek berak Lurkantak lanari buruzko hitzaldia eskainiko du, bertaratutakoek lana bete-betean gozatzeko aukera izan dezaten. Hitzaldia auditorioko foyerrean egingo da 18:45ean.

1997an, konposizio hau estreinatu ondoren, Garcia Abrilek azaldu zuenez, euskal folkloreko elementu erritmikoetan inspiratutako herri-oinarria eta musika-garapen garaikidea uztartu zituen lana sortzeko. Bestetik, 1997an Victoria Eugenian lehen aldiz zuzendu zuen Victor Pablo maisuaren esanetan, “lan ezin bikainagoa da” eta “luzaroan iraungo du, oso ezaugarri erritmiko interesgarriak ditu-eta”.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.