Frankfurt eta Wiesbadenen
Martes, Mayo 5, 2009

Hil honen 7an eta 8an Orfeoia Alte Oper delakoan izango da, Frankfurteko (Alemania) opera antzoki zaharrean, eta Mahlerren 2. sinfonia interpretatuko du HR-Frankfurt Orkestrarekin batera. Zuzendaria Paavo Järvi izango da eta Nathalie Dessay (sopranoa) eta Alice Coote (mezzosopranoa) bakarlariek ere hartuko dute parte. Bi kontzertu horien ondoren Wiesbadenera joango da, Donostiarekin senidetutako hirira; Merkatuko Elizan beste kontzertu bat eskainiko du eta Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren aurkezpen-ekitaldian izango da.

Berpizkundearen sinfonia

"Berpizkundearen sinfonia" ere esaten zaion lan hau Orfeoiak 40 aldiz interpretatu du 1979az geroztik zenbait zuzendarirekin, adibidez, Zubin Mehta, Lorin Maazel, Frühbeck de Burgos, Simon Rattle, Paavo Järvi bera edo Claudio Abbadorekin. Lan honekin izan zituen Orfeoiak lehenbiziko harreman artistikoak Abbadorekin, Madrilgo Auditoria Nazionalean interpretatu baitzuten 1997an eta 2003an berriro interpretatu zuten Lucernako Jaialdian, Suitzako jaialdi honetarako berariaz sortutako orkestrarekin batera. Paavo Järviren zuzendaritzapean eta Parisko Orkestra Nazionalarekin batera, Orfeoiak sinfonia honekin hartu zuen parte 2006an Pariseko Saint Denis Jaialdian eta, azkenik, iazko apirilean lau bertsio egin zituen EOSekin Boreyko maisua buru zutela Bilbon, Iruñean eta Donostian.

Mahlerren Bigarrenak bizitzeko poza dakar, naturarekin batasuna, beldur existentziala, konfiantza eta harantzagoko munduaren ikuspegiak. Egileak sei urte behar izan zituen sinfonia hau egiteko, eta osorik interpretatu zuen lehenengoa Berlingo Filarmonika izan zen, abesbatza eta bakarlariekin, 1895ko abenduaren 13an, Alemaniako hiri horretan bertan. 1924az geroztik ehun bertsiotik gora grabatu dira.

Bost mugimenduetatik lehenengoa 1888an konposatu zuen eta zenbait urtez modu independentean ibili zen "Todtenfeier" (hileta zeremonia) izenburuarekin, poema sinfonikoa zen. 1892ko udan amaitu zituen Mahlerrek bigarren, hirugarren eta laugarren mugimenduak, baina amaiera geratzen zitzaion, eta berak zerbait apoteosikoa nahi zuen. Handitasun gehiago izateko, zati korala sartu zuen, Beethovenek Bederatzigarren Sinfonian egin bezala. Hans von Bülow zuzendariari eskainitako hileta zeremonia 1894ko otsailean izan zen eta zeremonia horrek inspiratu zion Azken Epaia amaitu eta Berpizkundea abesbatza batek abestea. Abesbatza horrek santuak eta dohatsuak adierazten zituen.

Abesbatzaren parte hartzea laburra den arren, erabat menderatu behar dira pianisimoak, crescendoak eta forteak; Orfeoia horretan ohituta dago eta Frankfurtera joango diren abeslariek ederki erakutsiko dute hori.

Paavo Järvi, Leonard Bernsteinen ikaslea

Tallinen (Estonia) jaioa, Paavo Järvi Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaria da 2006az geroztik. Gaur egun, Cincinnatiko Orkestrako zuzendaria eta Bremengo Ganbera Orkestrakoa ere bada. Leonard Bernsteinen ikasle honek perkusioa eta orkestrako zuzendaritza ikasi zituen bere jaioterriko musika-eskolan. 1980an Ameriketako Estatu Batuetara joan zen eta ikasketekin jarraitu zuen Curtisko Musika Institutuan eta ondoren Los Angeleseko Filarmonia Institutuan, han izan zen Bersteinen ikasle. Birak egin ditu AEBetan, Europan eta Japonian. Honako orkestrekin aritzen da: Philharmonia, Orchestre Philharmonique de Radio France, Munich Philharmonic, Bayerischer Rundfunk, Accademia Nazionale di Santa Cecilia, Orchestre de Paris, Concertgebouw, Boston, Chicago, New York, Los Angeles and Philadelphia Symphony Orchestras, London Symphony Orchestra, Frantziako Orkestra Nazionala edo Staatskapelle Dresden.

Paavo Järvirentzat orkestra gazteak zuzentzea lehentasuna da. 2004an EUYOren bira zuzendu zuen Baltikoko estatuetan eta herrialde hauek Europar Batasunean sartzeko aurkezpen gisakoa izan zen. Gonbidatutako lehen zuzendari izan zen Stockholmeko Errege Filarmonikan eta Birminghameko Orkestra Sinfonikoan. UBS Verbier Orkestra Gaztea ere zuzendu du biran eta Verbier Jaialdian. Moskuko Orkestra Gazte errusiar-amerikarrarekin, Mahler Ganbera Orkestrarekin Ferraran eta New World Siymphony Orchestrarekin Miamin ere aritu da lanean. Datorren urtean Parisko Orkestrako zuzendaritzaren kargu egingo da.

HR-Frankfurt Orkestra

Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa 2009-2010 denboraldian 80. urtemuga ospatzen ari da eta ospe handia du nazioartean, errepertorio zabala duelako, urtero kontzertu ugari eskaintzen duelako, grabazioengatik eta proiektu berritzaileengatik. Proiektu horietan musika esperimentala sartzen du, antzinako klasikoa eta gaur egungoa ahaztu gabe. 1929an sortu zen eta hainbat zuzendari izan ditu: Hans Rosbaud, Otto Frickhoeffer, Kurt Schröder, Winfried Zillig, Otto Matzerath, Dean Dixon eta Eliahu Inbad. Azkeneko honek lortu zuen nazioarteko bideak irekitzea eta grabazioak egin zituen, lehenbiziko grabazio digitalak ere zuzendari honekin egin zituzten Mahlerren edo Brucknerren sinfoniak hartuta. Grabazio horien ondorioz "Grand Prix du Disque" lortu zuten.

Ondoren Dmitri Kitajenko eta Hugh Wolffek zuzendu zuten orkestra eta honek malgutasuna eman zion, orkestraren programazioa anitzago bihurtu zuen eta errepertorioa zabaldu zuen. Arrakasta azkar hasi zen: birak Asian, AEBetan eta Europan, CDak grabatu Antheil, Haydn eta Beethovenen musikarekin eta Grammyetarako bi izendapen.

Paavo Järvi zuzendari jarri denetik, orkestra aberastu egin da Iparraldeko errepertorioekin eta musika erromantikoarekin. Bestalde, musika garaikideak garrantzi handiagoa hartu du, gazte jendearekin lana egitearen esperientziarekin batera. Azkeneko grabazioak Brahms, Bruckner, Dvo?ák eta Herberten lanekin egin dira.

Historia handiko eraikina

Frankfurteko Alte Oper eraikinean izango dira bi kontzertu eta hiriko opera antzoki zaharra da. Historiaz beteriko eraikin hau 1880an inauguratu zuen Gillermo IIak eta bertan estreinatu zen munduan lehenengoz Carl Orffen Carmina Burana 1937an. Ia erabat suntsitu zuten Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketek eta aurriak ia desagertu eta bere ordez eraikin moderno bat egiteko zorian egon ziren, baina herritarren kanpaina bati esker berreraikitzeko lanak hasi zituzten 1953an. Antzokia 1981ean ireki zen berriro eta Mahlerren Zortzigarrena zuzendu duen Michael Gielenek ekitaldi hartan. Orfeoiak antzokiko Grosse Saal delakoan abestuko du, 2.500 eserleku ditu.

Wiesbadenen, Donostia 2016 babestuaz

Larunbatean, hilak 9, Orfeoiak ekitaldi instituzional batean hartuko du parte. Ekitaldia Wiesbadeneko udaletxean izango da arratsaldeko 16:30ean eta Donostia 2016en Europako Kultur Hiriburu izateko proposamenaren berri emango da bertan. Wiesbaden eta Donostia senidetuta daude eta Odón Elorza alkateak aurkeztuko du proiektua. Abesbatzaren jarduera Donostia 2016 hautagaitzarekin sinatutako hitzarmenaren barruan dago.

Orfeoiak hartutako konpromisoaren ondorioz, hautagaitzaren kultur proiektua garatzen laguntzeko ekitaldietan eta tailerretan parte hartuko du eta bere atal eta instalazioen bidez hautagaitza zabaldu eta atxikidurak lortzeko jarduerak ere antolatuko ditu. Hau izango da abesbatzak parte hartuko duen lehenengo ekitaldia, nahiz eta gogoan izan behar den konpromisoa sinatu aurretik ere Orfeoiak bat egin zuela Victoria Eugenian 2008ko maiatzaren 30ean aurkeztu zen kanpainarekin. Ekitaldi hartan a capella abestu zuen berariazko konpondutako bertsio bat Beethovenen Bederatzigarrenaren, Haendelen Aleluya eta Cantate Domineren, Charpentierren Te Deumen eta Agur Jaunaken zatiekin.

Wiesbadeneko udaletxeko emanaldiaren ondoren, Orfeoiko kideak Merkatuko elizara joango dira polifoniako kontzertu bat eskaintzera. Kontzertu hori José Antonio Sainz Alfarok zuzenduko du eta Gerardo Rifónek joko du organoa.

JARDUEREN PROGRAMA

7 eta 8
20:00, Frankfurteko Alte Oper.
Mahlerren II. Sinfonia de HR-Frankfurt Orkestrarekin. Zuzendaria: Paavo Järvi.
Kontzertu hauek zuzenean eta diferituan (maiatzaren 19an) emango ditu "HR2 Kultur" irratiak, "Mitteldeuscher Rundfunk" irratiak ere emango ditu data zehaztu gabe duen arren, "Estnicher Rundfunk" delakoak ekainean emango ditu eta Difusioko Europar Batasuneko beste hamar irratik ere bai.

9
16:30, Wiesbadeneko udaletxean a capella emanaldia.
19:30, Wiesbadeneko Merkatuko Elizan kontzertua. Polifonia, Gerardo Rifón organoan dela. Zuzendaria: José Antonio Sainz Alfaro.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.