Udako kontzertuak Barenboim, Victor Pablo Perez eta Plasson-ekin
Miércoles, Julio 29, 2009

Orfeoiak abuztuan hainbat kontzertu eskainiko ditu. Lehena, abuztuak 3an izango da Sevillako Maestranza Antzokian Barenboim-en zuzendaritzapean eta West Eastern Divan Orkestrarekin batera. Bi musika taldeek Beethoven-en Fidelio opera interpretatuko dute haren kontzerturako bertsioan. Opera horretan ondoren aipatzen diren solista entzutetsuek parte hartuko dute: Waltraud Meier (mezzosopranoa), Simon O’Neill (tenorra), Peter Mattei (baritonoa), John Tomlinson (baxua), Adriana Kucerova (sopranoa), Stephan Rügamer (tenorra) eta Viktor Rud (baritonoa).

Abuztuaren 8an, abesbatzak Zumaiako 25. Musika Jaialdian parte hartuko du. Kontzertuaren lehen zatian Fauré-ren Requiem interpretatuko du Ana Salaberria (sopranoa) eta Jesús García Arejula (baxua) taldeko solistekin batera. Bigarren zatian, orfeoiak Fauré-ren Cantique de Jean Racine interpretatuko du, baita Bach-en Cantata 140, Mendelssohn-en Elias eta Bramhs-en Requiem-aren zati batzuk ere. San Pedro Parrokian izango den kontzertua Sainz Alfaro-k zuzenduko du eta Gerardo Rifón egongo da organoan.

Bestetik, eta Donostia 2016an Europako Hiriburua izateko hautagaitza bultzatzeko ekitaldien barruan, orfeoiak kontzertu bat eskainiko du Artzain Onaren katedralean, abuztuaren 12an. Kontzertu hori ere Sainz Alfaro-k zuzenduko du eta Gerardo Rifón egongo da organoan. Programak izaera sakroa izango du eta, besteak beste, honako lan hauek interpretatuko dira: Rossini-ren Petite Messe Solennelle, Mendelssohn-en 43. Salmoa, Bramhs-en eta Fauré-ren Requiem-en zati batzuk, Haendel-en Alleluia eta hainbat euskal konpositoreren obrak, artean, Busto, Madina eta Uruñuela-ren lanak.

Abuztuaren 29an eta Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Orfeoiak Santanderreko 58. Jaialdiari itxiera emango dio Mendelssohn-en Elias Víctor Pablo Pérez-en zuzendaritzapean interpretatuz.

Udako denboraldia amaitzeko, irailaren 5ean, abesbatzak Donostiako 70. Musikaldiari itxiera emango dio Fauré-ren Requiem interpretatuz. Michel Plasson maisu frantziarrak zuzenduko duen obra honetan Lyon-eko Orkestra Nazionalak parte hartuko du eta Marie Arnet sopranoak eta Paul Armin Edelmann baritonoak solista lanak egingo dituzte. Kontzertua berriki hildako Luis Fernando Rupérez jaialdiaren lankide fidelaren oroimenez eskainiko da.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.