José Antonio Echeniquek eta Itziar Larrinaga musikologoak jasoko dute Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria. Musika ikerkuntza sustatu eta musika-sorkuntza arloan jarduera nabarmenak omendu nahi dituen sari honek 9. edizioa beteko du aurten.
Orfeioak eta UPV/EHUk sinaturiko akordioaren ondorioz sortu zen Segimenduko Komisioaren kideek osatzen dute epaimahaia. Epaimahaikideek José Antonio Echeniqueren ahalegin guztiak omendu nahi izan dituzte, hiru hamarkadan zehar Donostiako Musika-Hamabostaldiaren zuzendari gisa; halaber, Itziar Larrinaga musikologoaren "Francisco Escudero. Vida y creación musical" izeneko lana ere aintzatetsi dute.
Sariaren banaketa otsailak 19an (ostirala) izango da, arratsaldeko 7retan, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ignacio Mª Barriola Eraikinean. José María Echarri Donostiako Orfeoiaren presidentea eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Cristina Uriarte, izango dira ekitaldiaren buru. Sari banaketaren ostean Donostiako Orfeoiak ohizko errepertorioa abestuko du.