DOS CONCIERTOS LLENOS DE VIDA
Martes, Mayo 28, 2013

Ekainean, Orfeoiak bi kontzertu eskainiko ditu, eta esperantza eta bizitza irudikatzen dituzten obrak interpretatu ditu horietan. Lehenbiziko emanaldia Toulousen izango da. bertako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin batera arituko dira, Josep Ponsen zuzendaritzapean, eta Manuel de Fallaren La vida breve opera izango dute egitarauan. Bigarren kontzertua Madrilgo Entzunareto Nazionalean izango da, eta Berlingo Filarmonikarekin batera eskainiko dute, Simon Rattle maisuaren zuzendaritzapean. Fauré-ren Requiema interpretatuko dute, esperantzazko kantu bat bizitzaren amaieran.

La vida breve, Toulousen

Aurten, bigarren aldia da abesbatza Toulousera joaten dela. Kontzertua ekainaren 22an izango da, eta, bertan, Granadako konpositoreak sortutako opera edo drama lirikoa eskainiko dute. Obra bi ekitaldiz osatuta dago, eta gaur egun, oso gutxitan interpretatzen da. Abesbatzak 1965ean grabatu zuen konposizio hau, EMI disko-etxearentzat. Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera abestu zuten orduan, Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean eta Victoria de los Ángeles Salud pertsonaiaren paperean aritzen zela. CDa 1990ean editatu zen berriro. Obra hau Orfeoiaren ibilbideari estu lotuta dago, 33 alditan antzeztu eta interpretatu baitu. Horietan azkena Lisboako Expo erakusketan izan zen (1998), Espainiako pabiloiak antolatutako kultur jardueren programari amaiera emateko ekitaldian. Espainiako Orkestra Nazionalarekin aritu zen Orfeoia, Rafael Frühbeck de Burgos maisuaren zuzendaritzapean.

Hilaren 22an, Josep Pons izango da Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalaren musikariak eta orfeoilariak Halle aux Grains aretoan koordinatzeko arduradun. Entzunaretoa zereal-merkatu zaharraren eraikinean kokatuta dago, eta gaur egun, orkestraren egoitza da. Bakarlari moduan arituko dira Nancy Fabiola Herrera sopranoa, Marina Pardo eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak, Jose Ferrero tenorea eta Angel Odena eta Jose Antonio Lopez baritonoak.

Juan Manuel Cañizares gitarristak ere parte hartuko du.

Maisu katalanak askotan zuzendu du Orfeoia. Horietan lehenbizikoa 1997ko Granadako Jaialdian izan zen, eta Beethovenen Bederatzigarrena eskaini zuten, Granadako Orkestrarekin batera. 2008ko Musika Hamabostaldian ere Orfeoiaren gidari izan zen, eta Brahms-en Requiema interpretatu zuten, Espainiako Orkestra Nazionalarekin. 2012an, berriz, bi kontzertu eman zituzten Lyonen bertako Orkestra Nazionalarekin batera, eta Fauré-ren Requiema eta Poulenc-en Stabat Mater eskaini zituzten.

Montserrateko Eskolania haur-abesbatza ospetsuan hasi zuen musika-prestakuntza, eta horrek musika sinfoniko-koralarekiko sentikortasun berezia eman dio. Gero, Montserraten bertan, polifoniaren eta musika garaikidearen gaineko ikasketak egin zituen, koru-musikarekiko grina are gehiago bizitu zena. 1999an, Kultura Ministerioaren Musika Sari Nazionala jaso zuen, XX. mendeko musikaren alde egindako lanaren aitorpen moduan eta interpretazioetan erakutsitako kalitateagatik. Lankidetzan aritu izan da munduko hainbat orkestrarekin, besteak beste: Frantziako Orkestra Nazionala, Rotterdameko Filarmonika, Tokioko Filarmonika, Danimarkako Orkestra Sinfoniko Nazionala, Stockholmeko Errege Filarmonika, Belgikako Orkestra Nazionala, BBCren Orkestra Sinfonikoa, Parisko Orkestra, Gulbenkian Orkestra, Lyongo Orkestra Nazionala, Toulouseko Kapitolioaren Orkestra, Suisse Romande Orkestra eta Gotteborgeko Orkestra Sinfonikoa.

Simon Rattle zuzendariarekin eta Berlingo Filarmonikarekin

Hilaren 29an, Orfeoia eta Berlingo Filarmonika Entzunareto Nazionalaren eszenatokian arituko dira Simón Rattle maisuaren zuzendaritzapean, Fauré-ren Requiema interpretatzeko. Aurrena, orkestrak bakarka eskainiko du Schumann-en Do maiorreko bigarren sinfonia. Bakarlari gisa izango dira Camila Tiling sopranoa eta Andrè Schuen baritonoa.

Fauré-ren Requiema kantu itxaropentsua da bizitzaren amaieran, eta heriotza gauza naturaltzat eta lasaigarritzat ikusten du. Orfeoiaren errepertorioan dago 1925etik, eta hainbatetan interpretatu du. Azkenekoetako bat 2012an izan zen, eta Lyongo Entzunaretoan aritu ziren, bertako Orkestra Nazionalarekin batera eta Josep Pons zuzendariaren gidaritzapean.

Fauré-k berak honela esan zuen bere obrarik garrantzitsuenaren gainean: ?€?Esan ohi dute nire Requiemak ez duela heriotzarekiko beldurra adierazten, eta bada heriotzaren urruma ere deitu izan dionik. Egian esan, horrelaxe ikusten dut nik heriotza. Niretzat askapen pozgarria da, zoriontasun handiago baten itxaropena, eta ez esperientzia penagarria?€?.

Orfeoiak hamabi kontzertu historikotan parte hartu du Berlingo Filarmonikarekin batera. Azkeneko biek amaiera eman zioten 2007ko Kanarietako Musika Jaialdiari. Rattle maisuaren gidaritzapean aritu ziren, eta Mahler-en Bigarren Sinfonia eskaini zuten. Horiek izan dira Orfeoiak maisu horren zuzendaritzapean eskaini dituen emanaldi bakarrak.

Aitzitik, beste hainbat kontzertu eman ditu orkestra famatu honekin. Mahler-en Bigarren Sinfonia eskaini zuen Abbado maisuaren gidaritzapean Madrilgo Auditorio Nazionalean, 1997an, eta urte horretan bertan, Berlinen izan zen Silvesterkonzert delako emanaldietan (Filarmonikak bere egoitzan egiten dituen urte amaierako kontzertuak). 2001ean, Verdiren bi Requiem gogoangarri abestu zituen, Abbado maisuaren zuzendaritzapean, Suediar Irratiaren abesbatza profesionalarekin eta Eric Ericson Ganbera-abesbatzarekin. Bi kontzertu horiek Grammy sarietarako proposatua izan zen CD batean jaso ziren. 2001ean, Orfeoia Berlinera bueltatu zen, Bruckner-en Fa minorreko Meza eskaintzeko, eta hiru kontzertutan interpretatu zuten, Daniel Barenboim maisuaren zuzendaritzapean.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.