Robin Ticciati
Viernes, Julio 26, 2013

EAbuztu honetan, Orfeoiak ez du oporrik egingo, eta lau kontzertu emango ditu: horietako lehena Jakan ospatzen den Pirinioetako Folklore jaialdian, beste bi Donostiako Musika Hamabostaldian eta laugarrena hiriko sutearen bigarren mendeurrenaren oroitzapena egiteko ekitaldien barruan.

Hilaren 4an (igandea), Orfeoiak Pirinioetako 47. Folklore Jaialdian parte hartuko du, eta Verdiren operen aukera bat, zarzuela zatiak eta abesti herrikoiak eskainiko ditu. Kontzertua 21:00etan izango da, Jakako Kongresu Jauregiaren Entzunaretoan. Sainz Alfaro maisua izango dute zuzendari, eta Patxi Aizpiri piano-joleak akonpainamendua egingo die.

Fauré eta Mahler Musika Hamabostaldian

Hurrengo emanaldia Donostiako 74. Musika Hamabostaldian izango da. Abuztuaren 28an, Fauré-ren Requiema interpretatuko dute orfeoilariek, Scottish Chamber Orchestra-k lagunduta. Jatorri italiarreko Robin Ticciati ingeles jeinu gaztearen aginduetara arituko dira, orkestra eskoziarraren zuzendari nagusi dena 2009tik. Horrez gain, Isaac Waddington sopranoak eta Thomas Allen baritonoak solista gisa parte hartuko dute. Lehenbiziko partean, orkestrak Beethovenen Egmont Obertura eta Arnold Schoenberg-en Verklärte Nacht (Gau eraldatua) interpretatuko ditu bakarka. Abesbatzak oraindik ere fresko dauka Fauré maisuaren obra horren bertsioa. Izan ere, duela gutxi interpretatu zuen Madrilgo Entzunaretoan (ekainaren 29an). Emanaldi hartan, Berlingo Filarmonika izan zuten lagun, eta Simon Rattle, berriz, zuzendari. Konbinazio perfektua izan zen, madrildar kritikariek azpimarratu zuten bezala. Robin Ticciati Orfeoiaren buru izango da lehenbizikoz, eta, zalantzarik gabe, abeslarien onena lortzeko gai izango da, Requiema izan baita gehien interpretatu duten obra 1925ean errepertorioan sartu zutenetik.

Gainera, orfeoilariek badute beste zerbait euren alde, azken urteotan Scottish Chamber Orchestra-rekin hainbatean kolaboratu dutelako: Bartzelonako Palau jauregian 1982an, Mackerras zuzendari zelarik eta Mozarten obrak interpretatuta, eta 1991ko Musika Hamabostaldian, Mozarten Requiemarekin eta Leopold Hager buru zutela.

Abuztuaren 31n, Orfeoiak Musika Hamabostaldiaren 74. edizioari amaiera emango dio, Galiziako Orkestra Sinfonikoak lagunduta eta Víctor Pablo Pérez buru duela. Horretarako, Mahler-en Bigarren Sinfonia aukeratu dute, Berpizkundea izenez ere ezagutzen dena. Sinbolismoz betetako obra izango da, Donostiako sutearen 200. urteurrenaren egunean interpretatuko dute eta. Víctor Pablo Pérezek Galiziako Sinfonikoaren zuzendari titular gisa eskaintzen duen azken kontzertua izango da, 20 urte orkestraren buru izan ostean.

Arantza Ezenarro sopranoa eta Michelle De Young mezzosopranoa izango dira ahotsean.

Obra horren aurretik, Francisco Madinaren Aita Gurea interpretatuko dute, Elena Barbé sopranoarekin batera.

Hiriaren bigarren mendeurrena

Sutearen eta geroko berreraikuntzaren bigarren mendeurrena ospatzeko ekitaldietan parte hartuko du Orfeoiak. Abuztuaren 30ean, Manuel Sagastiren Requiem meza eta Jose Maria Usandizagak konposatutako 1813ko abuztuaren 31ko himnoa abestuko ditu, Koruko Andre Mariaren basilikan. Sainz Alfaro maisuak zuzenduko du kontzertua, eta Gerardo Rifon organistak, Ignacio Ansorena txistulariak eta txalaparta talde batek parte hartuko dute.

Txikiek ere abuztuaren 31ko oroitzapen-ekitaldiekin bat egingo dute. 22:00etan, Donostiako himno zaharra interpretatuko dute, San Bizente elizaren atarian. Ondoren, beste abesbatzetako kideekin, txistulariekin eta zuzi-eramaileekin batera desfilatuko dute Koruko Andre Mariaren basilikaraino, egun horretan tradizioz abestu ohi diren hainbat kanta interpretatzen dituzten bitartean.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.