Orain arte, Orfeoiak 31 kontzertu ditu programatuta urte osorako; baina zenbaki hori 35-40 kontzerturaino igo daiteke, aurreko urteen batezbestekoa ikusita. Emanaldi horietatik, 9 nazioartekoak dira eta Frantziako hainbat hiritan eskainiko ditu. Beste 4 emanaldiGipuzkoako erakundeentzako elkartasunezko edo ongintzazko kontzertuak dira.
Bira Tugan Sokhiev maisuarekin eta TKO orkestrarekin
Abesbatzak oso harreman ona dauka Toulouseko Kapitoliko Orkestra Nazionalarekin eta Tugan Sokhiev haren zuzendari titularrarekin, Bolshoi antzokiko zuzendari musikal izendatu berria denarekin. Horri esker, Orfeoiak hirutan bisitatuko du frantses hiria. Lehenbiziko bidaia otsailean izango da, eta bira horretan, Mussorgsky-ren Boris Godounov opera interpretatuko du, kontzerturako bertsioan. Toulouseko Halle aux Grains aretoan emango dio hasierari birari, otsailaren 3an. Hurrengo emanaldia hilaren 5ean izango da, Parisko Pleyel Aretoan, eta, ondoren, 8an Iruñeko BaluarteEntzunaretoan egongo da. Azkenengo kontzertua Oviedoko Principe Felipe Entzunaretoan izango da, hilaren 10ean.
Orfeoiak behin baino ez du interpretatu opera hori. 1996ko Musika Hamabostaldian izan zen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Hans Graf zuzendariaren aginduetara. Obra Alexander Pushkin-ek idatzitako drama izenkidean oinarritzen da, eta Boris Godounov tsarraren bizitza eta errusiar eta poloniar herrien arteko borroka kontatzen ditu.
Ekainean, Orfeoiaren ahots zuriak Toulouseko Halle aux Grains aretora itzuliko dira, Mahlerren Hirugarren Sinfonia interpretatzeko hilaren 28an. Uztailaren 1ean berriz interpretatuko dute obra hori, frantses hiri horretako orkestrarekin batera. Nazioarteko irteera hori osatzeko, Colmarreko Jaialdian (Alsazia) parte hartuko dute uztailaren 3an.
Azaroan, beste bi kontzertu daude programatuta Toulouseko Kapitoliko Orkestra Nazionalaren egoitzan, baina egitarauak zehazteke daude oraindik.
Bi emanaldi Radio France-Montpellier Jaialdian
Nazioarteko alorrean, azpimarratzekoak dira ere uztailean zehar 30. Radio France-Montpellier Jaialdianeskainiko dituen bi kontzertuak, Adgeko eta Montpellierreko egoitzetan. Lehenbizi kontzertuak uztailaren 13an izango da, eta egitarau anitza interpretatuko du Orfeoiak, pianoz lagunduta eta Sainz Alfaro maisuak zuzenduta. Hilaren 15ean, Montpellierreko Opera Berlioz entzunaretoan Ruggero Leoncavallo napolitar konpositorearen Zingari operaren kontzerturako bertsioa interpretatuko du, Orquesta Simfònica de Barcelona i Nacional de Catalunya orkestrarekin batera eta Michele Mariotti zuzendariaren gidaritzapean. Horrela, Orfeoiak estreinakoz interpretatuko du obra hori.
Urtero, 130.000 entzule bertaratzen dira jaialdi ospetsu honetara, eta eskualdeko berrogeita hamar hiritan eta herritan programatzen ditu haren jarduerak eta zikloak. Jaialdiak hiru ardatz ditu oinarri: ahaztutako obrak berraurkitzea, konposizio berriak estreinatzea eta artista gazteak ezagutzera ematea. 2012ko edizioan, Orfeoiak bi kontzertu eman zituen Mende eta Sète hirietan. Opera-zatiak interpretatu zituen emanaldi haietan, eta Sainz Alfaro izan zuten buru.
Hamabostaldia ezin da falta
Orfeoiak zortzi ediziotan baino ez du huts egin, eta, aurten, haren sortze-hiriko jaialdiari leial, bi kontzertutan parte hartuko du. Abuztuaren 1ean, Sokhiev maisuarekin eta Toulouseko Kapitoliko Orkestra Nazionalarekin bat egingo du berriz ere, Berliozen Faustoren Kondenazioa eskaintzeko.
Abuztuaren 26an, Orfeoiak Verdiren Requiema interpretatuko du Rotterdamgo Filarmonikarekin Rotterdamgo Filarmonikarekin batera eta Yannick Nézet-Séguin kanadarraren zuzendaritzapean. Orfeoiaren ahots zuriak eta Orfeoi Txikia maisu eta orkestra horiekin aritu ziren 2011ko Hamabostaldian jada. Abagune hartan, Mahlerren Hirugarrena interpretatu zuten.
Rotterdamgo Filarmonikaren zuzendari titular izateaz gain, Yannick Nézet-Séguin Filadelfiako Orkestraren zuzendari musikala, Orchestre Métropolitain du Grand Montréal orkestraren zuzendari artistikoa eta nagusia, eta London Philharmonic Orchestra orkestraren zuzendari gonbidatua da.
Rotterdamgo Filarmonika 1918an sortu zen, eta Herbeheretako orkestrarik garrantzitsuenetako bat da. Haren jarduera-ildoen artean, mundu klasikoaren eta musika arinaren arteko mugak esploratzea du helburu. Abonamendu-denboraldiaren 70 kontzertuez aparte, orkestrak Rotterdam Philharmonic Gergiev Jaialdian parte hartu ohi du.
Habanera-jaialdia
Orfeoiak Torreviejako Habaneren eta Polifoniaren Nazioarteko Lehiaketan parte hartzeko gonbitea jaso du, aurtengo uztailean 60. edizioa ospatzen duena. Alacanterako bidaia hori osatzeko, hiriburu horretako entzunaretoan beste kontzertu bat eskainiko du.
Gaur egun, Torreviejako Habaneren eta Polifoniaren Nazioarteko Lehiaketa mundu osoan erreferentea da abesbatzei dagokienez, eta bi alderdi oso mugatu ditu ardatz: talde nazionalen parte-hartzea, eta, batik bat azken urteotan, nazioarteko parte-hartzea. Horrez gain, “Nazioarteko Interes Turistikoa” izendapena dauka.
Madrilgo Entzunareto Nazionalean
Eszenatoki honetan, bost kontzertu aurreikusita daude. Horietako bi ekainaren 13an eta 14an izango dira, A+musika Zikloaren barnean. Beste bi urriaren 10ean eta 11n eskainiko ditu, Madrilgo Orkestra Filarmonikoarekin. Espainiako orkestra sinfoniko egonkor eta profesional bakarra da, eta haren kudeaketa eta finantzazioa pribatuak dira erabat.
Urtea amaitzeko, abenduaren 22an Haendelen Mesias interpretatuko du, Andrés Segovia Ganbera Orkestrak lagunduta eta Sainz Alfarok zuzenduta. Azken kontzertu hori Musika Gaztediaren Denboraldiaren baitan dago.
2013 ZENBAKITAN
Kontzertuak guztira: 35
• Sinfonikoak: 21
• Polifonia-folklorea eta beste batzuk: 14
• Euskadi: 22
• Beste autonomia-erkidego batzuk: 8
• Atzerrian: 5
• Txikia eta Gaztea: 13
Grabaketak:
• Orfeoi Txikia eta Orfeoi Gaztea: 3
Arduraldiak guztira: 185
Entseguak egoitza sozialean: 113
Entseguak beste egoitza batzuetan: 44
Bidaia- eta kontzertu-egunak: 53
Irakaskuntza-jardueren ikasleei emandako eskola-orduak: 3.369
Orfeoian parte hartzen dute:
Donostiako Orfeoiaren abeslari-kopurua: 186
Orfeoi Txikiaren abeslari-kopurua: 129
Orfeoi Gaztearen abeslari-kopurua: 54
Eskola-abesbatzen abeslari-kopurua: 379
Biolin eta Biolontxelo eskoletako ikasle-kopurua: 24
Musika-tailerretako ikasle-kopurua: 141
GUZTIRA: 913 pertsona
2013an, Milanen egindako debuta izan zen urteko gertaera nagusienetako bat. Abesbatzak Mahlerren Zortzigarrena birritan interpretatu zuen, Giussepe Verdi Milango Orkestrarekineta haren bi abesbatzekin batera eta Riccardo Chailly maisuak zuzenduta. Kontzertuak azaroaren 21ean eta 23an izan ziren, Milango Kongresu Jauregian. Horrez gain, nazioarteko beste bi irteera azpimarratzekoak dira. Batetik, Toulousera eta Parisera egindako bidaia dugu, Tugan Sokhiev maisuaren eta Toulouseko Kapitoliko Orkestra Nazionalaren eskutik. Lehenengo irteera horretan, abesbatzak Beliozen Faustoren kondenazioa interpretatu zuen, kontzerturako bertsioan. Bigarren irteeran, Toulousen izan ziren berriz ere, orkestra berarekin. Aitzitik, abagune hartan, Josep Pons izan zuten zuzendari, eta Fallaren Bizitza laburra opera edo drama lirikoa eskaini zuten, kontzerturako bertsioan.
Estatuan emandako kontzertuen artean, nabarmentzekoa da Entzunareto Nazionalean eskainitakoa. Fauré-ren Requiema interpretatu zuten Berlingo Filarmonikarekin batera, Simon Rattle maisuak zuzenduta. Emanaldia Ibermusica fundazioak antolatutako ziklo ospetsuaren parte izan zen. Eszenatoki berean, Madrilen ospatzen den Musika Gaztediaren Zikloan parte hartu zuen Orfeoiak. Beethovenen Fantasia Korala eta Bederatzigarren sinfonia interpretatu zituen, Andrés Segovia Ganbera Orkestrarekin batera eta Michael Francis britainiar maisuaren zuzendaritzapean.
Jaialdietan izandako parte-hartzeari dagokionez, iaz Cuencako Erlijio Astean birritan egon zen abesbatza, Salzburgoko Mozarteum orkestrarekin eta Leopold Hager austriar maisuaren zuzendaritzapean. Lehenbiziko kontzertuan, Mozarten Do minorreko meza eta Poulenc-en Quatre motets pour un temps de pénitence abestu zituen. Bigarrenean, berriz, Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuen.
Musika Hamabostaldiaren 74. edizioan abesbatzak bi kontzertu eman zituen. Egitarauak itxaropenaz beteta egon ziren, ekitaldiak hiria erre eta berreraiki zeneko berrehungarren urteurrena ospatu nahi zuen eta. Lehen kontzertuan, Fauré-ren Requiema abestu zuten. Scottish Chamber Orchestra orkestrarekin aritu ziren, eta Robin Ticciati eduki zuten gidari. Italiar jatorriko talentu ingeles gaztea Eskoziako orkestraren zuzendari nagusia da. Orfeoiak Galiziako Sinfonikoarekin batera eman zion amaiera Hamabostaldiari, Victor Pablo buru zutela. Mahlerren Bigarren sinfonia aukeratu zuten horretarako, Berpizkundea izenez ere ezaguna dena. Hura izan zen Víctor Pablo Pérezek Galiziako Sinfonikoaren zuzendari titular gisa eskainitako azken kontzertua, 20 urtez orkestraren buru izan ostean.
Pirinioetako 47. Folklore Jaialdian, Orfeoiak kontzertua eskaini zuen Jakako Kongresu Jauregiaren Entzunaretoan. Egitaraua Verdiren opera-aukera batez, zarzuela-zatiz eta abesti herrikoiz osatu zen. Sainz Alfaro izan zuten buru, eta Patxi Aizpiri piano-jolearekin batera aritu ziren.
Iazko urtea oso emankorra izan zen, abesbatzak obra berriak txertatu baitzituen errepertorioan. Orfeoiak zortzi obra eta hainbat opera-zati estreinatu zituen: Jose Maria Usandizagaren Requiem Meza eta 1813ko abuztuaren 31 Himnoa, Jose Juan Santestebanen Donostiako antzinako Himnoa eta Berrehungarren Mendeurreneko Himnoa, Tomas Araguesen Suak Pizturik Dirau, Manuel Sagastiren Abesti herrikoi elebiduna, Tomas Aisianen Jakako Jaialdiaren Himnoa, Poulenc-en Quatre motets pour un temps de pénitence eta Richard Wagnerren Noraezeko holandarra eta Tannhäuser operen bi zati.
Usted está aquí
Miércoles, Enero 29, 2014