Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegiak eta Donostiako Orfeoiak eremu geografiko bera partekatzen dute eta musikaren arloko hezkuntza eta profesionalizazioa bultzatu nahi dute, hori dela-eta, lankidetza-hitzarmena sinatu dute atzo Musikeneko zuzendari akademiko Miren Iñargak eta Orfeoiko presidente José María Echarrik.
Hitzarmenak urtebeteko iraupena du eta automatikoki berrituko da. Haren bitartez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute ikasturte bakoitzean, gutxienez, baterako kontzertu bat egiteko Donostiako Orfeoiaren abesbatzetako batekin (Orfeoia, Orfeoi Gazte eta Orfeoi Txiki) eta Musikeneko taldeetako batekin (Orkestra Sinfonikoa, Musikene Sinfonietta, Banda Sinfonikoa eta Big Band). Horretaz gain, musika arloko ikerketa bultzatuko dute bi erakundeek eta, horretarako, Orfeoia-Musikene izeneko aipamen berezia sortuko dute, urtero emango diotena ikasketa amaierako lanik onena aurkezten duen ikasleari. Sari horren oinarriak eta baldintzak Musikenek ezarriko ditu.
Hitzarmenari esker, Musikeneko Koru Zuzendaritzako ikasleek Donostiako Orfeoiaren abesbatzetako batzuekin egin ahalko dute karrera-amaierako azterketa. Bestalde, Musikeneko ikasleek praktikak Orfeoiaren abesbatzaren batekin egiteko aukera ere aztertuko dute. Jarduera hori abesbatzen ohiko jardunaren barruan dauden aukeren arabera erabakiko da, bi alderdiak ados jarrita.
Hitzarmenaren bitartez, Musikeneko ikasleek Orfeoiaren kontzertu garrantzitsuren batean parte hartu ahalko dute abeslari gisa.
Musikenek mediateka irekiko du eta sarbidea erraztuko die Donostiako Orfeoiko irakasleei. Azken batean, bi erakundeen helburua batera lan egitea da, abesbatzarako euskal musika bultzatzeko helburuarekin.
2015erako lehenengo baterako proiektuak
Otsailean hasiko dira 2015erako programaturiko lehenengo baterako kontzertuak. Hilaren 20an, Orfeoiak eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoak, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia interpretatuko dute Kursaal Auditoriumean. Aiete Ikastetxe Nagusiak antolaturiko kontzertu solidarioa izango da.
Azaroan berriz elkartuko dira abesbatza eta orkestra, Victoria Eugenia antzokian, Usandizagaren Las golondrinas zarzuelaren kontzertu-bertsioa interpretatzeko, Musikeneko Orkestra Ikasketen koordinatzaile Jesús Echeverriaren zuzendaritzapean.
Orfeoiaren eta Musikeneren beste lankidetza-hitzarmen batzuk
Donostiako Orfeoiak, artea eta kultura sustatzen duten beste erakunde batzuekin gero eta lotura estuagoak eratzeko borondatez, hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu ditu, kasu batzuetan, bere proiektu artistikoa garatzeko baliabideak lortzeko xedez, eta, beste batzuetan, horrelako lankidetzetatik sortzen diren sinergiak baliatzeko.
Honako erakunde hauekin sinatu ditu horietako batzuk: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Gipuzkoako Ozeanografia Elkartea (Aquarium), UNICEF Espainia, Chillida Leku, Eureka! Zientzia Museoa eta Fundación Cristóbal Balenciaga Fundazioa.
Musikenek, bere aldetik, honako hauekin sinatu ditu lankidetza-hitzarmenak: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Musika Hamabostaldia, Jazzaldia, Eresbil, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Musikagileak (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea).