Maiatzean, Orfeoiak hiru kontzertu emango ditu Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Lehena Entzunareto Nazionalean izango da; bigarrena, Guadalajarako Santa Maria konkatedralean eta hirugarrena, Pasai Donibaneko elizan.
- Datorren larunbatean, Orfeoia A+Música zikloan arituko da, Entzunareto Nazionalean. Andrés Segovia ganberako orkestrarekin Brahms-en Requiem alemaniar bat interpretatuko du. Lanaren bertsio osoa 1869an estreinatu zuten Leipzig-en, eta kantataren eta oratorioaren hibridotzat jotzen da.
Solista gisa Paloma Friedhoff Bello soprano madrildar-belgikarra eta Pablo García Ruizbaritono andaluziarra arituko dira. Kontzertua hasteko, orkestrak konpositore beraren Obertura akademikoa joko du.
A+música.com irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta gazte solisten partaidetza bultzatzea du helburu. Orfeoiak bigarren urtez jarraian hartu du parte erakunde horrek antolatutako musika-zikloan.
- On Kixote Mantxakoa lanaren bigarren zatiaren IV. mendeurrena ospatzeko Gaztela-Mantxako hainbat katedraletan egin duten «Qvixote 2015» kontzertu-zikloa itxiko du Orfeoiak maiatzaren 23an. Klausurako kontzertua Guadalajarako konkatedralean egingo dute. Gerardo Rifán organo-jotzailearen laguntzaz, Madina, Rossini, Mozart, Brahms, Casals, Andel eta Berlioz konposatzaileen bederatzi obra interpretatuko ditu.
- Maiatzeko hirugarren kontzertua Pasai Donibaneko musika jardunaldien XXV. urteurrenean emango dute. Orfeoiak irabazi asmorik gabe hartuko du parte, hilaren 30ean, Pasai Donibaneko San Joan Batailatzailearen parrokian. Gerardo Rifán organo-jotzailearen laguntzaz, Madina, Bach, Mozart, Rossinim Brahms, Busto, Casals, Lloyd Weber, Fauré eta Mendelssohn konposatzaileen hamabi obra interpretatuko ditu.