Orfeoiak ekainean izango duen jarduera Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldi amaierako bost kontzertuetara mugatuko da. Guztietan programa bera interpretatuko du, Jun Märkl EOSeko zuzendari titularraren gidaritzapean: Poulenc-en Gloria, Madinaren Aita Gurea eta orkestrak bakarrik interpretatuko duen Berliozen Sinfonia fantastikoa edo Artista baten bizitzaren pasartea, konposatzaileak emandako jatorrizko izenaren arabera. Abesbatzak interpretatutako zatian, Olena Tokar soprano ukrainarra solista arituko da. Musikeneko ikasle-talde bat EOSekin bat egingo du, orkestrak eta Musikenek sinatutako Jordá Gela lankidetza-hitzarmenari esker.
Kontzertuak hurrengo egunetan eta lekuetan izango dira: ekainaren 8an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; ekainaren 9an, Bilboko Euskaduna jauregian; ekainaren 10ean, Gasteizko Principal antzokian eta ekainaren 11n eta 12an, Donostiako Kursaalean.
Joan den azarotik EOS zuzentzen duen Jun Märkl maisu alemaniarrak lehen aldiz zuzenduko du Orfeoia. Aurretik, beste orkestra sinfoniko batzuetako zuzendari titularra izan da: Lyongo Orkestra Nazionalekoa (2005-2011) eta Leipzigeko Irrati Orkestra Sinfonikokoa (2012ra arte) kasu. Maila handiko hainbat orkestra zuzendu ditu, adibidez, Clevalandekoa, Filadelfiakoa, Txekiakoa eta Munichekoa.