Orquesta Filarmonía
Jueves, Octubre 1, 2015

Udazkena jardueraz beteta dago Orfeoiarentzat. Urrian bertan sei kontzertu emango ditu, eta irrati-saio berezi batean abestuko du.

Hilaren 9an eta 10ean, Verdiren Requiema interpretatuko du Madrilgo Orkestra Filarmonikoarekin eta beste abeslari batzuekin, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Auditorium Nazionalean. Bakarlari gisa Amanecer Sierra sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Carlos Silva tenorra eta Francisco Santiago baxua arituko dira. Orfeoiarekin batera arituko den abesbatza parte-hartzailea 421 ahotsek osatuko dute, gehienak Madril bertakoak; haien prestakuntzaz KoralArs taldearen sortzaile eta zuzendari Nuria Fernández arduratu da. Taldeak hainbat proiektu gauzatzen ditu Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta erreferente bilakatu da Espainiako abesbatzen munduan.

Kontzertu parte-hartzaile hauek 2011z geroztik egiten dira orkestra berarekin, eta musika korala gogoko dutenei Orfeoiarekin batera abesteko esperientzia bizitzeko aukera ematea dute helburu. Aurreko urtean Carl Orffen Carmina Burana lanari eskaini zioten programa, 2013an Wagnerri, 2012an Verdiri, eta 2011n Beethovenen Bederatzigarrenari

Orkestra Filarmonikoa bere zuzendari titularrak, Pascual Osak, sortu zuen 2000. urtean, eta ordutik erreferentzia bilakatu da Espainiako musika klasikoko areto nagusietan. Bizirik dauden konpositore espainiarrekiko konpromisoari esker, Madrilgo Musika Auditorium Nazionaleko denboraldi egonkorreko ia kontzertu guztietan aurki ditzakegu haren lanak. Horrez gain, bederatzi urtez, Fernando Argentak TVEn zuzentzen zuen «El conciertazo» programaren protagonista izan zen.

Kutxa Fundazioak babestuko ditu hilaren 9ko eta 10eko kontzertuak, eta sarrerak Orkestra Filarmonikoaren bulegoan eros daitezke (Tel.: 91 732 12 55; helbide elektronikoa: info@orquestafilarmonia.com), edo INAEMen antzoki-sarearen leihatilan http://www.entradasinaem.es/ edota 902 22 49 49 telefono-zenbakian.

Hilaren 14an, Orfeoiak Radio San Sebastianek Kursaal Auditoriumean egingo duen «Contigo» irrati-saio berezian parte hartuko du. Saioa irrati-etxeak Donostian bete dituen 90 urteak ospatzeko izango da, eta Iñaki Gabilondok zuzenduko du. Sainz Alfaroren zuzendaritzapean eta Amaia Zipitria piano-jotzailearen laguntzarekin, abesbatzak programa irekiko du, Mompouk konposatu zuen Cadena Ser-en sintoniarekin. Ondoren, irratiaren historiaren parte diren zenbait iragarkiren melodiak abestuko ditu, eta, azkenik, programa ixteko, zenbait lan ezagun interpretatuko ditu.

Hilaren 22an, abesbatza Kursaalera bueltatuko da Tomás Aragüés konpositorea omentzeko kontzertuan parte hartzeko. EOSek, Orfeoiak, Easo abesbatzak, Andra Mari abesbatzak eta La Sallek antolatu dute kontzertua. Orfeoiak Euskal Requiema interpretatuko du Euskadiko Orkestrarekin batera, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa, Xabier Anduaga tenorra eta Pablo Ruiz baxua izango dira bakarlariak. Lehen zatian, Euskadiko Orkestrak, Easo abesbatzak eta Andra Mari abesbatzak konpositorearen Min Eresia eta Te Deum interpretatuko dituzte, Diego Martín Etxebarriaren zuzendaritzapean. Sarrerak doakoak dira eta Kursaaleko leihatilan hartu ahal izango dira, urriaren 1etik aurrera.

Hurrengo egunean, eszenatoki berean, Orfeoiaren bazkide eta lagunentzako urteko kontzertua egingo da, eta Mozart izango da programaren protagonista. Abesbatzak eta EOSek Requiema interpretatuko dute. Elena Barbé (sopranoa), Ainhoa Zubillaga (mezzosopranoa), Xabier Anduaga (tenorra) eta Pablo Ruiz (baxua) izango dira bakarlariak.

Hila amaitzeko, abesbatza Albacetera joango da eta zarzuelen zatiak eta operen koruak abestuko ditu Teatro Circo antzokian, Amaia Zipitria pianoan dela, eta Sainz Alfaro zuzendari lanetan. Orfeoiak hiri horretan abesten duen lehen aldia izango da. Biharamunean programa bera interpretatuko dute Toledoko El Greco auditoriumean.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.