Hurrengo astelehenean, 26an, Orfeoiak Mozarten Koroatze meza eta Requiemainterpretatuko ditu Entzunareto Nazionalean, Andrés Segovia ganbera-orkestrarekin batera eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. «Juventudes Musicales» izeneko programan dago kontzertu hau. Solista hauek ere parte hartuko dute: Paloma Friedhoff (sopranoa), Adriana Mayer (altoa), Jorge Franco (tenorra) eta Pablo Ruiz (baritonoa).
Orfeoia eta OCAS, lehenengo aldiz, Entzunareto Nazionalean aritu ziren 2010. urtean eta Miguel Romearen zuzendaritzapean. Kontzertu horretan Mozart, Bach, Fauré eta Händelen obrak, Verdi eta Wagnerren operak eta zarzuelak txandakatu ziren. Hurrengo urtean, agertoki horretan, bi kontzertu eskaini zituzten Sainz Alfaroren zuzendaritzapean eta programako obra Carmina Burana izan zen. Iaz, berriz, Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuten Michel Francisekin Entzunareto Nazionalean eta Haendelen Mesias Sainz Alfaroren zuzendaritzapean.
Madrilgo orkestrak errepertorio zabala dauka eta, bereziki, musika espainiarra eta gure garaikoa daude errepertorio horretan. Estreinaldiak egiteaz gain, hainbat partituren, zinerako musikaren, balleteko, operako eta antzerakoen musika eskaintzen du. Orkestra honek ez dauka zuzendari titularrik eta, horregatik, bere podiumean hauek guztiak izan dira: Enrique García Asensio, Manuel Galduf, José Luís Temes, José de Eusebio, José Luis García Asensio Arild Remmerit, Luis Aguirre, Juan de Udaeta, Angel Gil Ordóñez, Antón García Abril maisuak, Antón García Abril konpositorea, Sebastián Mariné eta nazioko zuzendari gazte garrantzitsuenetako batzuk.