Tugan Sokhiev
Jueves, Mayo 26, 2016

Datorren asteartean, Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia bi aldiz izango dira protagonista hiriko musika-bizitzan; izan ere, lehendabizikoak Berliozen Requiem interpretatuko du Kursaal Auditoriumean eta Orfeoi Txikiak, berriz, Altzoko Haundia haur-operaren bi saioetan abestuko du, Munduko Txotxongilo Jaialdian.

Orfeoiaren kontzertua Kursaal Eszenaren programazioaren barruan dago, eta 20:00etan hasiko da. Auditoriumeko agertokian, 200 interpretatzaile baino gehiago bilduko dira: Orfeoiko kideak, Toulouseko Kapitolioaren Orkestra Nazionaleko musikariak, Tugan Sokhievzuzendariaren gidaritzapean, eta Saimir Pirgu tenor albaniarra. Guztiek ere Berliozen Requiem interpretatuko dute. 1837an estreinatu zen lan izugarri hura, eta 400 instrumentistak eta abeslarik interpretatu zuten. Musikagile frantziarraren musika-ekoizpeneko partiturarik garrantzitsuenetako bat da. Egileak berak zioenez, bere lan guztietatik bat bakarra salbatu beharko balu, requiema salbatuko luke.

Bestalde, Donostiako Orfeoi Txikiak Altzoko Haundia haur-operaren bi saioetan parte hartuko du, Donostia/Tolosa Munduko Txotxongilo Jaialdiaren barruan. Lau urtez behin egiten da jaialdia; aurten, maiatzaren 28tik ekainaren 5era egingo da, eta 30 konpainia baino gehiago bilduko ditu. Bi emanaldiak Victoria Eugenia antzokian egingo dira, euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Lehena (11:00etan), hiriko ikastetxeetako ikasleei dago zuzenduta eta bigarrena (20:30ean), berriz, 7 urtetik gorako ikus-entzule guztiei.

Txotxongilo, neska-mutilen abesbatza, bakarlari eta instrumentu-talde txikirako haur-opera bat da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Tolosako TOPICek (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa) eta Barakaldoko antzokiak elkarrekin ekoitzitakoa. Lana euskal abesbatza-kantuan eta ahozko kontaketan oinarritzen da, eta ekarpen plastiko eta eszeniko garaikideak ditu. Migel Joakin Eleizegiren (Altzo, 1818-1861) bizitza eta bidaiak ditu abiapuntu; hots, Altzoko Haundiarenak. Pertsonaia ezberdin baina izugarri gizatiar honen bizitza deskribatzeko erabilitako poesiaren eta musikaren bitartez, hainbat sentimendu transmititzen dira, hala nola bakartasuna, ezberdinak errespetatzea eta ez esplotatzea, natura maitatzea, xalotasuna, zintzotasuna, ontasuna eta beste sentimendu batzuk.

Aurtengo azken emanaldia ekainaren 5ean izango da, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan. 

Orfeoia, Toulouseko Orkestra eta bere zuzendari titularra berriro elkartuko dira ekainaren 2an, Oviedoko Príncipe Felipe auditoriumean, Berliozen Requiem interpretatzeko beste behin.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.