Orfeoiaren Adiskideei eskainitako kontzertua
Viernes, Octubre 18, 2019

Errusia magikotik bidaia

Aurten giro sovietarra izango du urtero Orfeoiaren Adiskideei eskainitako kontzertuak. Euskadiko Orkesta Sinfonikoarekin batera, Orfeoiak bere abesbatza guztiak bilduko ditu oholtzan, Txaikovski, Prokofiev eta Borodinen obrak eskaintzeko.

Txikiek, Gazteek eta Orfeoilariek bat egingo dute azaroaren 14ean, osteguna, Donostiako Kursaalen, Donostiako Orfeoia urtez-urte babesten duten Adiskideei eskerrik beroenak emateko kontzertu gogoangarri baten bitartez. Ez dira filantropiarako garairik oparoenak, eta horregatik, inoiz baino gehiago eskertu nahi dugu gure entzulegoaren fideltasuna.

Donostiako Orfeoia amateurra izan da 1897. urtean sortu zenetik, eta abeslariek beren denbora librea erabiltzen dute kantuarekiko pasio hau elikatu eta bikaintasun maila lortzeko. Hala, abesbatza honek talde profesionalen maila bera lortu du urtetako lanaren poderioz, noski, pasioa eta freskotasuna galdu gabe.

Baina maitasun hau elikatzeko egindako lan zorrotzak ez luke ezertarako balioko publikoaren babesik gabe. Hain zuzen, abesbatza honek 900 jarraitzaile fidel inguru ditu musika proiektu eder hau aurrera ateratzeko ezinbestekoak bilakatu direnak.

Eta ez ditugu ahaztuko ere proiektu honen aldeko apustua egiten duten erakunde eta enpresak; horregatik, beste urte batez, Donostiako Orfeoiak aurrera jarraitu dezan posible egiten duten guzti horiek gau batez protagonista bihurtzeko unea iritsi da, seme-alaben hezkuntzan musikak lekua izan dezan apustu irmoa egiten duten gurasoek edota kontzertu bakoitza lehena balitz bezala bizi duten jarraitzaile zintzoek gure eskerrik beroenak merezi dituztelako.

KONTZERTUA

1812 obertura - Txaikovski

Historiako musika piezarik handienetakoa den obra hau 1882an estreinatu zen, Moskun. Piotr Ilitx Txaikovskiren 1812 obertura obraz ari gara, noski. Obra honek Napoleonen hondamendia ospatzen du, Errusia konkistatzeko saiakeran porrot egin zuenean. Denborarekin, obra hau tiraniaren aurkako borrokaren ordezkari bilakatu da, askatasunaren ikur. Doinua hainbat filmetan erabili izan da, Dead Poets Society edota V of Vendetta filmetan, esaterako. Oraingo honetan, Donostiako Orfeoiak obra eskainiko du Euskadiko Orkestrarekin batera, eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean.

Intxaur-hauskailua “Loreen balsa” - Txaikovski

Intxaur-hauskailua, Loti Ederra eta Beltxargen Lakua-ekin batera, Txaikovskiren balletik ezagunena da. 1892ko abenduan estreinatu zen – horregatik ohikoa da ballet hau Gabonetan eskaintzea – San Petesburgko Mariinsky antzokian. Kusaaleko emanaldian, balleta Anaiak-Egia dantza estudioak dantzatuko du, Euskadiko Orkestrarekin eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean.

Polovtsiar dantzak - Borodin

Famatuak dira Aleksandr Borodinen (1883-1887) Igor Printzea operaren Polovtsiar dantzak, eta Donostiako Orfeoiak ondo ezagutzen du pieza hau, bere ohiko errepertorioaren zati baita. Hain zuzen, opera hau ez zuen Borodinek amaitu, Rimsky-Korsakovek eta Glazunovek baizik; musikagileari bihotzeko batek eman zion amaitu aurretik.

Alexander Nevsky - Prokofiev

Alexander Nevski Donostiako Orfeoiaren errepertorioaren parte izan da aspalditik; 1983tik hona 25 aldiz abestu du. Prokofievek 1938an konposatu zuen Sergei Eisenstein zinemagilearen enkarguz; bere soinuzko lehen filmaren soinu banda izatekoa zen, baina ez zen sekula entzun zinema aretoetan behar bezala. Gaia patriotikoa zenez, Stalinek atzeratu egin zuen estreinaldia, Alemania naziarekin indarkeriarik ez erabiltzeko akordioa sinatzeko. Ondoren, berehala estreinatzeko agindu zuen, gerra sahiestezina zela ikusita. Musikak benetako fama beranduago bereganatu zuen, kantata epiko moduan estreinatu zutenean.

Konposiziorako, Prokofievek lan mardula egin zuen folklore errusiarrak eta mongoliarrak ikertuz; horiekin batera, eslaviar elementuak ere agertzen dira, hainbat kantu gregorianoekin batera.  Hala, abesbatzak errusieraz kantatzen du 3 eta 5 pasarteetan ez ezik, horietan latinez eginez. Seigarren mugimenduan, aldiz, Ainhoa Zubillaga mezzo sopranoak interpretazio berezia eskainiko du Peipus laku izoztuan gudan hildako senideengatik negarrez.

Zure gonbidapena erreserbatu

Gonbidapen-txartelak jasotzeko bi era dauzkazu:

1.- KURSAALEKO LEIHATILAN: Eskutitzean jasotako kode zenbakiarekin jaso ditzakezu urriaren 26an, larunbata, edo 27an, igandea, 11:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eta azaroaren 6a arte, Kursaaleko leihatilako ordutegian.

2.- INTERNETen: https://shop.kursaal.eus/list/events

  • Urriaren 26 (larunbata) 11:30etatik azaroaren 6ko 20:00etara.  
  • Gonbidapenak zure mugikorrean edo inprimakian eraman beharko dituzu kontzertuaren egunean.

Zure laguntza behar dugu

Izan nahi al zenuke Orfeoiaren lagun? Oso erraza da, gure web orriko imprimakia bete eta ordainetan abantaila hauek izango dituzu:

  • Kuota hori errenta-aitorpenean desgrabatu ahal izango duzu. 
  • Bazkideen urteroko kontzertura joateko bi  sarrera.
  • Orfeoiaren entseguetara doan sartzeko aukera.
  • ANDANTE hiruhileko informazio-orria jaso on line.
  • Deskontuak eta abantailak.

 


Zero Ilara AFAGI-ren alde

Aurten, Zero Ilara AFAGIren alde izango da (Alzheimerra duten senideen eta pertsonen elkartea), baita Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituzten pertsonen bizi-kalitatea defendatzea ere, baita senide zaintzaileena ere. Zure ekarpena honako kontu korrontean egin dezakezu: Kutxabank ES87 2095 5004 44 1061556980.

x

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.